Olalde elkarteko kideak oso pozik daude pilota zaletasuna haziz doalako herrian. "Osasuntsu dago Antzuolako Olalde pilota elkartea. Aurten, 49 neska-mutikok abiatu dute denboraldia; horietako bederatzi gainera neskak dira", kontatu du Olaldeko entrenatzaile eta epailea den Joseba Azkaratek. Gaineratu du pilotarekiko maitasuna ondo transmititzen jakin dutela eta hori dela egun dagoen zaletasunaren gakoa. "Pilotarekiko harreman estua, baina, betidanik egon da", diote pilota elkarteko kideek.