Agintaldiko lehen urtean egindako lan eta ekintzen berri eman du Antzuolako Udalak

Maider Arregi 2016ko urr. 13a, 15:12

Agintaldiaren bigarren urtean egitekoak ere ekarri ditu jendaurrera. Era berean, herritarren proposamenak eta kezkak ere jaso ditu aurrera begirako lanen artean aintzat hartuz.

Aurtengo ekainean bete du Antzuolako Udal gobernuak lehen urtea. Egindako lanen azalpena eta hausnarketaren aurkezpena ekarri du Udalak jendaurrera Torresoroan asteon egin dituen saio ezberdinetan. Agintaldiaren ondorengo urtetan egiteko daudenen zerrenda herritarrekin osatzeko asmoz ere egin ditu asteon aurkezpenak. Beñardo Kortabarriak behin eta berriro azpimarratu zuen herri txiki batean auzolanak daukan garrantzia. Antzuola geroz eta hobeagoa izan dadin denon beharra dagoela gaineratu zuen.

Besteak beste, aurten aurrera eramatea lortu diren proiektu eta ekintzen berri eman zuten batzarretan. Horien eredu dira esaterako, Berdinbidean plana edo harrera protokoloa abiarazi izana Antzuolan.

Alkateak bestalde, aurten martxan jarri duen Landa Garapeneko proiektu pilotua azpimarratu gura izan zuen. Izan ere, baserri inguruari bultzada ematea gura izan dio Udalak.  Aurreratu zuen eskualde mailan fruituak emango dituela.

Herritarren kezka eta zalantza baina, zirkulazio ordenantza berriak eta herriko garbitasunak eragin zuen. Orokorrean autoak erdigunetik ateratzearen erabakia ondo ikusten dutela eta herria erosoagoa dela orain bizitzeko azpimarratu zuten. Baina, horrek eragindako aldaketen gaineko xehetasunak jakin gura izan zituzten gertutik.

Eztabaida nagusiena baina, herriko zikintasunak eragin zuen. Hala, gakoa heziketa dela eta neurriak hartzea komeni dela ondorioztatu zuten zenbait herritarrek.

Alkateak azaldu zuen zapatutako garbiketa zerbitzua indartu dutela; baina, herria garbi mantentzeko ezinbestekoa dela ingurukoari errespetua edukitzea eta oinarria ez zikintzea dela esan zuen.

Aurrera begira, egingo dituzten lanen berri ere eman zuten. Baserri bideak konpondu, Arrolak proposatutako rokodromoa aztertu, komun publikoak egin, Narruola proiektua abian jarri edo gaztetxearen egoeraz gazteekin berba egingo dutela adierazi zuten.

Baina, nabarmendu zuen epe laburrean eta Diputazioaren erantzun-ezaren aurrean, Antzuola-Bergarako bidegorri zatia egiteko sinadura bilketa egingo dutela herrian.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak