Anelkarrek antolatuta, Elkartasun Festa izan zen egubakoitzean Antzuolan, eta 200 lagun inguru batu ziren festara. Aurten, zortzigarren edizioa izan da, eta Kongo eta Senegalen dituzten proiektuak mantendu eta hobetzeko ekimena, arrakastaz gauzatu zen.
Urtero, leku ezberdin bateko jakiak eta giroa jartzen dute antolatzaileak, eta aurten kubatar giroa ekarri gura izan dute herrira. Gainera, borondatez hainbat tortilla ekarri zituzten herritarrek, guztira 35. Eta hauek salduz, zein kubatar jaki eta edariekin, guztira, 1.284 euro batu zituzten.
Jan eta edan bai, dantza gutxi
Jan eta edanean gustura aritu ziren, baina herritarrak dantzan jartzea zaila izan zen. Musika kubatarrarekin bertaratutakoak dantzan jartzea zuten helburu antolatzaileek, baina jendea ez zen animatu. Hala ere, giro ederra izan zen bertan.
Eskerrak parte-hartzaileei
Egunaren balorazio oso positiboa eginda, eskerrak eman nahi izan diote Anelkarrekoek, bereziki: tortilak ekarritako herritarrei, lagundu duten kubatarrei: Tere, Avelino, Armando eta Claudia (mexikarrari), laguntzaile guztiei, eta ekimenean parte hartu duten herritar guztiei.