Beroari aurre eginez udaletxetik gertu batu dira antzuolar ugari Anelkarrek antolatzen duen sardina janaz gozatzeko. Era berean, San Bartolome egunean elkartasun mezua zabaltzea eta Afrikan martxan dituzten proiektuentzako dirua batzea izaten da jaiaren helburua.
Azken hiru urteetan bezala, antzuolar ugari gerturatu dira herriko plazara sardinak, txakolina eta sagardoa dastatzera, eta Anelkarrek Kongon eta Senegalen dituen bi proiektuekin elkartasuna adieraztera. Izan ere, San Bartolome jaietako ohitura mantentzeaz gain, Bittor Arbuluk Kongon eta Kristina Bakaikoak Senegalen egiten duten elkartasun lanerako dirua batzen dute.
Gainera, irailaren 2an, udako oporrak agurtzeko Anelkarrek ere antolatzen duen Elkartasun eguna ospatuko dute Antzuolan. Aurten, patata tortilla janaz gain, Kubatar kutsua izango du jaiak, eta ez dira mojitoak edota musika eta dantzak faltako.