Gaurkoan Antzuolako ur-parkearen inaugurazio ofiziala egin dute sagasti auzoan. Antzuolarrentzat udako beroaldiak era dibertigarri baten pasatzeko tresna izateko asmoz jarri du Udal Gobernuak.
Irristatzen ez den zementuzko zorua du eta oinen segurtasuna ziurtatzeko babesgarriak ere. Ura zentzuz erabiltzeko neurriak ere baditu ur-parkeak. Erabiltzen den uraren % 90a zirkuituan berriro sartzeko prestatuta dago. Horretaz gain, jendea dagoenean bakarrik funtzionatzeko sistema bat du. “Lehen sartzen denak erdiko pultsadorea sakatu eta martxan jarriko da. 15 minutura geratu egingo da. Beste inork zapaltzen ez badu, beste batek zapaldu arte geldi egongo da” azaldu du Beñardo Kortabarriak.
Ur-parkearen ideia udal gobernuaren eta erretiratuek egindako ekarpenengatik garatu da. Pistina bat egitea gastu handiegia litzatekeela azaldu du alkateak. “Guk ez daukagu gaitasuna igerileku bat egin, mantenimendu gastuak jasan eta sorosle bat ordaintzeko. Horretarako gaitasunik ez daukagu, baina ur-parkerako bai”.
Zentzu horretan esker oneko hitzak izan ditu Goizperrentzat euren laguntza ekonomikoagatik.
Jaietako domekan erabili zuten lehen aldiz proba gisa eta gaur ofizialki inauguratu dute. Eguraldiak gutxi lagundu duen arren, ziur antzuolar gazte eta ez hain gazteek izango dituztela ur-parkeaz gozatzeko egun eguzkitsuak hemendik eta irailera bitartean.