Antzuolako 140 familiak dihardute etxeko konposta egiten, eta 56 familia dira auzoko konposta egiten dutenak. Udalak nahi du herritar gehiago animatzea; horretarako, Vermican enpresako ordezkarien laguntzarekin informazio mahaia jarri zuten zapatuan udaletxearen aurrealdean.
Konpostagailu txikiak eta handiak izan zituzten ikusgai. Zaku handi batean loreontzietara botatzeko prest dagoen ongarria erakutsi zuten, eta poltsa bana banatu zuten gerturatu ziren herritarren artean.
Orain arte ez bezala, orain, ongarria pilatzen hasi dira, eta udalak ongarri horri irtenbidea eman nahi dio.
Konpostagailutik ateratako ongarria, dagoenetan, ortuan erabil daiteke, adibidez. Loreontzietan botatzeko, aldiz, egokiagoa dela makina birrintzailetik pasatzea azaldu zuten. Konposta ongi egiteko hainbat gomendio eman zituen Zuberoa Jauregik: etxetik bereizketa ondo eginda eraman behar da, zati txikiak bota behar dira, ondo zabaldu behar da, eta ondo aireztatu. Gainetik material lehorra bota behar zaio, organiko guztia ondo estaltzeko. Modu horretan usainak eta eltxoak saihestuko direla dio.