Oihulari Klown elkarteak, Antzuolako udalarekin elkarlanean, Ahotik bihotzera ipuin maratoiaren III. edizioa antolatu du.
Goizean ipuin eta bertso poteoa egin dute tabernaz taberna, trikitilarien laguntzarekin. Dorleta Kortazar eta Virginia Imaz Oihulari Klowneko kideak ibili dira herriko haur eta nagusiei ipuinak kontatzen, Jose Mari Carrererekin batera. Bertsolari lanetan, berriz, Nerea Elustondo eta Antton Fernandez izan dira.
Antzuolako herritarrek ekimen honekiko daukaten erantzunarekin oso gustura azaldu dira antolatzaileak, eta herri honetan ahozko komunikazioaren baitako komunitate txiki bat sortu dutela nabarmendu dute. "Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, Antzuolako herritarrek erakutsi duten interesa eta parte hartzea bikaina iruditzen zaigu", adierazi du Dorleta Kortazar elkarteko kide eta ipuin kontalariak.
Ipuin kontaketaz gain, zenbait bertso ere entzun ahal izan dituzte bertaratutakoek. Izan ere, bertsoa eta ipuin kontaketa uztartu nahi izan dituzte antolatzaileek. "Ahozko transmisioaren baitako bi elementu dira eta bien arteko lotura aztertzeko aukera ematen dute saio hauek", dio Virginia Imaz antolatzaileetako batek.
Nerea Elustondo bertsolariak onartu du oso egoera arraroa egiten zaiola, baina esperientzia moduan aberasgarria dela horrelako bi arte uztartzea. "Ipuin kontaketa entzutean beste mundu batean sartzen zara eta bukatzen denean, kosta egiten da berriz errealitatera bueltatu eta bertso bat abestea", nabarmendu du.
18:30ean ipuin eta bertso maratoia egitekoak dira, Torresoroan.
Ezkerretik eskuinera: Jose Mari Carrere, Antton Fernandez, Jone Larrañaga Antzuolako udaletxeko kultura teknikaria, Nerea Elustondo, Dorleta Kortazar eta Virginia Imaz.
Jose Mari Carrere haurrei ipuin bat kontatzen.