Idolaz elkartea udalekuen kudeaketaz arduratuko da aurten ere. Eta Udalak Idolazekin daukan hitzarmena onartu zuten, hain justu ere, atzoko ohiko osoko bilkuran.
Udalekuetan izena emateko epea apirilaren 18an zabalduko da eta 30era arte egongo da aukera. Aurten baina, deialdi berezia egin du Udalak. Izan ere, Aiherrarekin senidetza indartzeko asmoz, aurten Aiherrako gaztetxoei gonbidapena egin diete. Hala, 8 urtetik gorako Aiherrako umeak uztailean, Antzuolako udalekuetan izango dira. Horregatik, antzuolarrek ume horiek euren etxeetan jasotzeko deialdia ere egin gura du Udalak.
Udalekuak uztailaren 1etik 14ra egingo dira; eta uztailak 4, astelehena, etorriko dira Antzuolara astebeterako Aiherrako gaztetxoak. Bost urtetik 12 urtera arteko umeek parte-hartu dezakete udalekuetan; egun, adin tarte horretan, 193 ume antzuolar daude.
Hainbat gai
Baina, atzoko osoko bilkuran, bestelako gaiak ere ekarri zituzten. Hala, onartuta geratu dira euskara bultzatzeko hainbat proiektura bideratu gura dituzten diru laguntzak. Eta baita ere, Torresoroako zerbitzu osagarrien araudi eta tasa berrituak. Hau da, aurrerantzean, Eguneko zentroak eskaintzen duen zerbitzu paketea osorik aukeratu beharrean, paketeko zerbitzu bat eskatzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Hala, dutxa edo arropak garbitzeko zerbitzua erabiltzeagatik soilik ordainduko dute erabiltzaileek; horrela eskatu dute-eta urtetan.
Aipatu, Alderdi sozialistak Siriako errefuxiatuen bidalketa masiboen aurkako mozioa ere aho batez onartu zutela.