Haur, gazte zein heldu, gizon eta emakume, asko izan dira gaur arratsaldean berdintasunaren aldeko Olatu Morea lasterketan parte hartu duten antzuolarrak. Lasterketaren aurretik globo moreak banatu dituzte bakoitzak nahi zuen mezua idatzi zezan globoetan, eta behin giroan sartuta, Herriko Plazatik hasi dute lasterketa parte-hartzaileek.
Batzuk korrika, baina gehienak oinez, giro onean egin dute berriz ere plazan amaitu ibilbidea. Adin ezberdinetako emakumeek hartu dute orduan hitza, garai bateko egoera eta egungoa azaltzeaz gain, etorkizunera begira jartzeko. Eta ekitaldia amaitzeko, bide osoan zehar eurekin eraman dituzten globoak askatu dituzte. "Eguraldiarekin kezkatuta geunden arren, parte-hartzearen inguruan oso balorazio positiboa egiten dugu", esan du Ongizate zinegotzi Alaitz Igartzabalek, eta gaineratu ez dela antolatzen duten azken aldia izango.