Garaiak aldatzen doazen arren, mendizaletasunaren egoera osasuntsua da Antzuolan; hein handi batean Arrola mendizale taldearen urteetako lanari esker. "Lehen mendira joateko aukera askorik ez zegoenez, Arrolari esker irteerak antolatu eta egiten zituzten herritarrek asteburutan. Egun, baina, ohiturak aldatu egin dira eta mendira edozein unetan joateko erraztasunak ere handiagoak dira. Hala ere, Arrolak antolatzen dituen irteerek mantentzen dute oraindik ere hasierako esentzia hori eta parte-hartzea ona da. Garaiak aldatzen doazen arren, antolatzen diren ekintzatan eta irteeretan antzuolarrak hartzen dute parte", azaldu du Arrola Mendi taldeko lehendakariak Maialen Guridik. Arrolak 500 bazkide inguru ditu eta 70etik gora mendi federatu ditu. Talde oso dinamikoa da eta, hain justu ere, hortik jaio da Mendi hastea egitearen ideia. "MendiTour ekimena aprobetxatuz bertako dokumentalak Antzuolan botatzea proposatu zuen batzordeko kide batek. Hortik sortu zen Antzuolan Mendia astea lehenengoz egitearen ideia".
Argazki lehiaketa
Mendia eta natura argazki lehiaketa ere lehenengoz antolatu dute Mendi astearen baitan. "Aurtengoa lehena izan da, arrakasta eduki du. Antzuolatik kanpo ere parte hartu gura izan dute zenbaitek. Horregatik datorren urtean antolatzea erabakitzen bada, baliteke Antzuolatik kanpo ere deialdia zabaltzea". Argazki lehiaketan parte hartzeko epea bukatu da eta irabazlea zein izango den epaimahaiak otsailaren 17an jakinaraziko du. "Aurkeztutako lanekin erakusketa jarriko da Olaranen".
Ibilaldi neurtua
Arrolarena izango da aurten, martxoaren 13an, egingo den gaztetxoen ibilaldi neurtua antolatzeko ardura. Eskola kirolak ekimenaren baitan, Gipuzkoako federazioak antolatzen duen ekimena da. "Trenbide zaharra berritua dagoela aprobetxatuta, bertatik barrena egingo dugu ibilaldia. Ondoren, San Martzialera igoko gara eta mokadutxoa jango dugu. Ondoren Uzarragatik behera jaitsiko gara. Guraso zein gaztetxo, hortxe dute aukera".
Mendi astea: egitaraua
Otsailak 17, eguaztena
18:30ean argazki lehiaketako sari banaketa Torresoroan. Ondoren, hitzaldia eskainiko du Mikel Linazisoro eskalatzaileak.
Otsailak 19, egubakoitza
19:30ean, Torresoroan, Bilboko MendiFilm jaialdiko hiru dokumentalen emanaldia. Sarrera 6 euro.
Lehiaketarako aurkeztutako lanak ere ikusgai izango dira otsailaren 19an, 20an eta 21ean: 18:30etik 20:30era.
Otsailak 21, domeka
09:00etan mendi bizikleta irteera: Antzuola- Trekutz-Legazpi-
Arrola-Antzuola.
11:00etan eskolako patioan umeendako jolasak: eskalada, slackline, orientazioa...
Arrola mendizale elkartearen ibilbideak izandako momentu eta irudi esanguratsuak
Trekutzeko iturria 1984Elurraz gozatzen Azkuen 1987
Urbasara bizikletaz irteera 2001ean
Neuvilera egindako irteera 2.000. urtean
Arrolakoak Kanpazarren 1972an
Urbiara egindako kanpaldia