Legegintzaldi "motza eta gogorra" izango dela sumatzen du Emilio Olabarriak

Mirari Altube Arrese 2016ko urt. 15a, 16:28

Madrilgo Gorteetan zazpi legegintzalditan parlamentari izan den Emilio Olabarria izan zen atzo, urtarrilak 14, Antzuolan. EAJko kideek gonbidatuta hauteskundeen ostean geratu den egoeraren berri ematera etorri zen. 

Hogeita hamarren bat lagun elkartu ziren Antzuolako Olaran etxean abenduko hauteskundeek sortutako egoerak Euskadin izango duen eraginaren berri jasotzeko. Horretarako Madrilgo gorteak ondo baino hobeto ezagutzen dituen Emilio Olabarria parlamentari ohia gonbidatu zuten. Haren esanetan oso zaila da jakitea zer etorriko den, estatuko erakundeetan gertatuko denaren baitan dagoelako. Dena den aurreratu du inbestidurarik egonez gero, eta Rajoy izendatuz gero presidente legegintzaldi "motza eta gogorra" izango dela, "oposizioak gogor egingo" diolako: "Nire susmoa da legegintzaldia, eratzen bada behintzat, izango dela oso motza, oso gogorra parlamentuko eztabaidei dagokienez, eta berriro ere Euskadiren interesak baztertuta geratuko direla eta bigarren leku batean"

Udazkeneko hauteskundeak

Udazkenean hauteskunde autonomikoak izango dira, baina Madrilgo egoerak ez duela zertan baldintzatu hemengoa uste du. Emaitzak azken hauteskundeen bidetik joango direla dio, eta balitekela paktuak egin behar izatea: "Seguru asko Euzko Alderdi Jeltzalea izango da irabazle, baina, paktuak egin beharko ditu parlamentuko taldeekin; eta bakoitzaren joerak edo bakoitzak duen malgutasunak mezu, ideologi eta helburu politikoetan baldintzatuko du era bateko paktua bat edo bestekoa egin. Nire iritziz... ea abertzaleen arteko paktua den", zioen.

Bestalde, Kataluniako egoerak estatu Espainiarraren "gabezia demokratikoak" agerian utzi dituela esan zuen. Eta trenen arteko talka izango dela, identitateen arteko borroka, aurreratu du.

Orain artekorik ez bezalako parlamentua

Zazpi legegintzaldi egin ditu Madrilgo kongresuan, ia 30 urte, eta abenduan esan zion agur. Orain eratu berri den parlamentuak atentzioa eman dio, han ikusitakoak ez direlako orain arte bizi izan: "Umea besoetan dela botoa ematea; rastak dituzten pertsonak; bizikletan iritsi ziren batzuk; beste batzuk konpartsa batek lagun eginda… Kongresuan egin ditudan 30 urtetan nik ez dut sekula antzekorik ikusi. Ez deritzot txarto, estetikoki norbera gura duen moduan adieraz daiteke-eta".

Parlamentura lehenengoz joan diren jeltzaleei ez diela inolako aholkurik eman esan zuen, lana egin dezatela esan bakarrik: "Gomendio bakarra, lana da; lan eta lan egin Euskadiren alde. Euzko Alderdi Jeltzaleak egiten ez badu Euskadiren izena entzun ere ez da egingo".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak