Antzuolarrek Gabon egunetan ere kirolaz gozatzeko aukera izango dute. Abenduaren 26an, San Esteban egunean, lehenengo Gabonetako krosa antolatu du-eta Udalak. Garazi Larrea kirol zinegotziak dio asmoa dela kirola Gabonetan ere sustatzea.
Krosa arratsaldeko bostetan hasiko da. Hiru txandatan banatuta egongo da eta hiru ibilbide izango ditu adinaren arabera.Helduenen txanda 17:45ean hasiko da.
Izena abenduaren 20a baino lehen ematen dutenek izena dortsalean eramateko aukera izango dute. Baina egunean bertan ere, ordu erdi lehenago eman ahalko da izena. Parte-hartzaileen artean Ternua etxeko kirol materiala zozketatuko da krosaren bukaeran.
Bestalde, azpimarratu, urtarrilaren 2an, Antzuolako Kirol Elkarteak antolatuta, 24 orduko areto futbol txapelketa berreskuratu dutela Antzuolan eta pilotalekuan egingo dutela txapelketa. Izena liburutegian, udaletxean, gaztetxean eta gazte txokoan eman daiteke.