Udalak eta Osakidetzak elkarlanean jardungo dute aurrerantzean

Maider Arregi 2015ko abe. 10a, 15:30

Protokolo sozio-sanitarioa batzen duen hitzarmena sinatu dute goizean Antzuolako Udalak eta Debagoieneko Ospitaleak. Helburua da Udaleko gizarte langileen eta Osakidetzako profesionalen arteko eta koordinazioa eta azkartasuna bermatzea.

Iraileko osoko bilkuran onartu zen protokolo sozio-sanitarioa Antzuolan. Eta gaur, abenduak 10, hitzarmena sinatu dute Antzuolako Udalak eta Debagoieneko Ospitaleak. Protokoloaren helburua elkarrekin lanean jardutea dela azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak: "Hitzarmenean, eskualdeko osasun publikoko gaietan Udalak eta osasun erakundeak bat eginda, elkarrekin lanean jardutea jasotzen da. Adibidez, herriko jaietan botilioia-ren aurrean alternatiba bat bilatzea; edo tabakismoaren menpekotasunaren aurrean nola jokatu lantzea; eta noski, edozein larrialdi egoeratan elkarrekin jardutea Debagoieneko Ospitaleak eta Udalak".

Protokoloa

Bilakaera demografikoagatik, aldaketa sozial eta kulturalengatik eta, baita ere, gertatzen ari diren garrantzia handiko aurrerapen sozial arauemaileengatik garatu dute protokolo sozio-sanitarioa. "Pertsonen behar sozio-sanitarioak handitzen ari dira eta osasun sistemaren administrazioaren eta gainerako gizarte eragileen arteko lan koordinatua eta zeharkakoa garatzea ezinbestekoa da", azaldu du protokoloaren Debagoieneko Ospitaleko arduradunak, Andoni Alzelaik. 

Hala, adostasun honi esker, osasunari eta gizarteari dagozkien beharrizanei osotasunez erantzuteko koordinazio eremu bat garatzeko hitzarmena egin gura izan dutela diote Debagoieneko Ospitaleko ordezkariek. Betiere, era bizkor eta koordinatuan eta asistentzian zehar egin daitezkeen hutsuneak ekiditeko asmoz.

Helburu nagusiak

Horregatik, protokoloak, urgentziazko arreta behar dutenen kasuetan, koordinazioa bermatu gura du. Baita erkidego mailako koordinaziorako beharrezkoak diren egiturak garatzea ere. Arreta sustatzea ezinbestekotzat jotzen du hitzarmenak eta koordinazio sozio-sanitarioaren funtsezko elementua arreta bilakatzen du. "Osasuneko profesionalen eta udaletako gizarte langileen arteko harremana eta koordinazioa bultzatzea gura dugu hitzarmenarekin", gaineratu du Alzelaik.

Honi guztiari, gainera, jarraipena egin gura zaio eta ezarritako protokoloak betetzen ote diren aztertzea. Protokolo horietatik sortutako jardunbideei jarraipena eta ebaluazioa ere egingo zaie hau hobetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak