Atzo arratsaldeko sei t'erdietarako deitu zuen Udalak batzar irekia Olaranen. Bertan, norbanako eta kultura elkarteen ordezkariez gain, Udaleko kultura saileko ordezkariak izan ziren. Lehen saio honetan hausnarketa orokorra egitea izan da helburua, eta bertaratutakoek Antzuolako kultura eskaintzaren ahulguneak eta indarguneak identifikatu eta proposamenak egin zituzten.
Jende asko batu ez arren, batzarrean hausnarketa interesgarriak atera zirela nabarmendu du Usoa Agirre kultura zinegotziak. Haren esanetan, herri partaidetza oinarri duen ekimen horri jarraipena emateko asmoa daukate. Hain zuzen, datorren hilabetean beste deialdi bat egingo dutela aurreratu du, proposamenak zehazten joateko helburuarekin.
Usoa Agirrek azaldu duenez, bilera hauetan erabaki zuzenik hartuko ez den arren, Udalean kontuan izango dituzte herritarren ekarpenak.