Oinezko plana abian jarriko du Udalak iraileko azken asteburuan

Maider Arregi 2015ko ira. 9a, 15:00

Iraileko azken asteburutik aurrera oinezkoen plana abian jarri gura du Antzuolako Udalak. Hala, gaur arratsaldeko zazpietan Olaranen herritarrekin batuko da informazio prozesu parte-hartzailea abiatzeko. Helburua, herritarrekin batera behin betiko oinezko plana egitea da-eta.

Antzuola oinezkoendako herri bilakatu gura du Udalak. Oinezkoek lehentasuna duten herri erosoagoa lortzea dute-eta helburu. Asmoa da irailaren 25etik aurrera behin betiko zirkulazio aldaketa indarrean izatea.

Informazio prozesua

Herritarrekin elkarlanean definitu gura du Udalak oinezkoendako plana. Horregatik informazio prozesua abian da. Lehen batzarra, gaur, eguaztenean egingo da Olaranen 19:00etan.  Eta hilaren 18ra arte antzuolarren ekarpenak egiteko buzoia ere jarritako da. Irailaren 22an aurkezpen bilera egingo da batutako ekarpenekin. "Behin betiko plana aurkeztuko dugu hilaren 22an eta asteburu horretan bertan ezarri. Izan ere, oinezkoendako planak nagusiki asteburuetan izango duelako eragina", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak. Hala, hilaren 25ean herritarrekin adostutako behin betiko zirkulazioa aldaketak indarrean jarriko ditu Antzuolako Udalak.

Azpimarratu alkateak azaldu duela pibote bidezko sistemak antolatuko duela zirkulazioa. Modu horretan edozein aldaketa egiteko aukera egongo da. Beraz, egokitzapenak egiteko aukera izango dute herritarrek irailaren 26tik urriaren 31ra arte.

Aldaketa nagusienak

Aste barruan arratsaldeko zortzietatik aurrera ezingo da Kalebarrenetik Herriko Plaza zeharkatuz Buztinzurira igo. izan ere Gailur taberna inguruan bidea itxita egongo da. Asteburutan ere bide bera itxita egongo da Buztinzuri oinezkoendako egokitu gura delako, besteak beste. Hala ezingo da plazan aparkatu. "Orain ere ezin da aparkatu plazan; seinalea jarrita dago aspalditik", argitu du alkateak.
Azpimarratzekoa ere pilotaleku aurrean egingo den aldaketa. "Egunero, 16:00etatik 19:00etara, itxita egongo da pilotalekurako bidea. Baina, norbaitek premia izanez gero sartzeko aukera izango luke pibotea kenduz. Udaltzainak izango du zirkulazioa antolatzeko piboteak jarri eta kentzeko ardura".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak