Harri-jausia konpontzen, "erabiltzaileen segurtasuna" bermatzeko

Ubane Madera 2015ko abu. 10a, 10:08

"Antzuola eta Bergara tarteko erabiltzaileen segurtasuna bermatu" guran, Gipuzkoako Foru Aldundia uztailaren 15az geroztik dabil orain dela urtebete bi udalerri horien arteko errepidean gertatu zen harri-jausia konpontzen. Behin hori eginda, Gipuzkoako Diputazioaren asmoa da esparru bereko hegala egonkortzen hastea, "abuztuan bertan", erakundetik jakinarazi dutenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuaren aurreikuspenen arabera, asteotan egiten diharduten lan horiek sei hilabete iraungo dute, eta 2,2 milioi euroko aurrekontua (BEZ barik) izango dute. Behin lanok bukatuta, Beasain eta Bergara lotuko dituen Deskargako autobidea eraiki ahalko da.

Presazko lanak

Sei hilabeteotan egin gura dutena da "lerratu ez den ezponda zatia sendotu, jausitako materiala kendu eta lurra egonkortu". Aintzane Oiarbidek Bide Azpiegituretako diputatuak gogora ekarri du  "lan hauei presa ematea" izan zela, hain zuzen ere, "Foru Gobernura iritsi eta hartu zuten lehenengo erabakia.  Zehazki, agindu zen karga zelulak jartzea, harri jausia gertatu zen hegalean, Bergaran, ezpondaren egoera zein zen neurtzeko eta, horrela, konpontzeko lanei ekin eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko".

Autobidea eraikitzen

Behin lan horiek amaituta, Gipuzkoako Diputazioak Beasain-Durango autobidea eraikitzen hasiko da. "Aurreko foru gobernuak ez zion heldu proiektu honi, baina gobernu berriarentzat lehentasunezkoa da", adierazi dute Diputaziotik. "Horregatik, Bide Azpiegituretako Departamentua tramiteak egiten ari da, iraila hasierarako proiektu berriaren idazketa esleitzeko", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak