Duela pare bat astetatik dago erabilgarri Antzuolako Zupideko biribilgune berria. Diputazioak diseinatutako eta aurrera eramandako lana da, eta nahiz eta hasieran asmoa zen Beasain-Bergara arteko autobia zabaltzearekin bat jartzea biribilgunea, erabaki zuten lehenago zabaltzea, autobiako tarte horretako lanak geldi daudelako momentuz. Berez, trafiko gutxi hartzeko biribilgunea izango litzatekeela pentsatuta egin da modu horretakoa.
Orain, baina ibilgailu ugari pasatzen dira bertatik eta asko abiadura azkarrean gainera. Nahiz eta udaletxean biribilgunearen gaineko kritika formalik ez duten jaso, antzuolarren artean zeresana eman du biribilguneak. Askok diote "estuegia" dela eta arazoak dituztela, besteak beste, kamioiak bertatik pasatzeko; abiadura asko jaitsi behar dela ere adierazi dute beste batzuk.
Twitter bitartez ere egon dira pare bat kritika: biribilgune berria “desastre hutsa” dela dion txio bat izan da eta kamioi gidariek erditik zuzen hartu beharra duten “munduko biribilgune bakarra” dela esaten duen beste bat ere egon da.
Autobusa herrigunetik kanpo
Bestalde, biribilgune horrek ekarri du herri barrutik pasatzen zen autobusa orain herrigunetik ibili behar ez izatea, geltoki bakarra dagoelako orain herrian: Sagastiko geltokia. Eta hori positiboa iruditzen zaio alkateari. Herritarrak ere orokorrean gustura daude alde horretatik.