Batetik, barraketako jabeek buelta bakoitzean kobratuko dutenaren zenbatekoa zein izango den argitu zuten. Iazko izpiritua mantenduta, 1,50 euro balioko ditu barraketako txartelak; zortzi batera erosita, 10 euro. Gainera, domekan, umeen egunean, prezioa baxuagoa izango da eta euro bakarra balioko du txartelak.
Bestetik, jaien aurrekontua zein den azaldu eta onartu zuten. Udaleko urte osoko aurrekontuan 42.000 euro daude Antzuolako Jaiei zuzenduta eta jai guztien barruan ere San Isidro eguna sartzen da; beraz, aurrekontu osotik 3.000 euro San Isidro egunerako bideratu ziren eta gainontzeko 39.000 euroak, herriko jaietarako.
Azken entseguak egiten eta autobus zerbitzu berezia
Bien bitartean, mairuaren alardeko eta larrain dantzako azken entseguak egiten dihardute antzuolarrek; izan ere, gaur eta hilaren 15ean izango dira alardeko entsegu orokorrak.
Hori horrela, aurten autobus zerbitzu berezia ere izango da jaietarako. Zumarragatik edo Bergaratik ordu erdiro egongo dira autobusak.