EH Bilduk osatuko du gobernua Antzuolan, oposizioaren ekarpenei zabalik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 3a, 13:18

Atzo egin zuten agintaldiko lehen osoko bilkura Antzuolan. EH Bilduk, gehiengo osoa duenez, osatuko du Gobernu Batzordea baina Beñardo Kortabarria alkateak argi utzi zuen atzo ere batzordetik kanpo geratu diren herritarrak ordezkatzen dituztenen ekarpenak ere aintzat hartuko dituztela. 

Agintaldi berrirako Antzuolako Gobernu batzordea eta batzorde informatzaileak eratu zituzten atzoko osoko bilkuran eta udalbatzarraren aginpekoak diren elkarteetan Udal ordezkariak ere izendatu zituzten, besteak beste. Era berean, Beñardo Kortabarria alkateak egun osoko dedikazioa izango duela eta urtean 14 pagetan banatuta hilero 2.000 euro garbi kobratuko dituela ere adostu zuten. 

Gobernu batzordea EH Bilduk osatuko du, baina aintzat hartuko dituzte EAJren zein alderdi sozialistaren ekarpenak: "Garbi dugu gehiengo osoa dugula eta berez ez dugula beste inoren beharrik gobernatzeko. Gure gogoa da gobernutik kanpo geratu diren herritarrei hitza ematea eta erabakitzeko aukera izan dezatela gobernu batzordean parte hartuz", adierazi du Beñardo Kortabarria alkateak. 

Alkatearen dedikazioa eta soldata 

Osoko bilkuren ohiko deialdiak hileko lehen martitzenetan egingo dira arratsaldeko zazpietan. Bestalde, batzorde informatzaileen maiztasunik ez dute finkatu, uste dutelako batzorde horietan parte hartuko duten zinegotziak euren kabuz antolatzea eraginkorragoa dela.  Batzorde kopurua aurreko agintaldiko berbera izango da baina urtea amaitu bitartean aztertuko dute funtzionatzeko modu hori eraginkorrena den edo ez. 

Oposizio eraikitzailea 

EAJk, bestalde, uko egin dio gobernuan sartzeko EH Bilduren proposamenari baina oposizio eraikitzailea egingo dutela aurreratu dute: "Gobernuan ez gara sartuko, herritarrek garbi esan dutelako nork gobernatu gura duen. Hori bai, laguntzeko eta ekarpenak egiteko prest daude", dio EAJko zinegotzi Basilio Ormazabalek. 

Alderdi sozialistak ere Antzuolaren alde egingo du lan, Miren Gallastegi zinegotziak adierazi duenez: "Kargua hartzeko ekitaldian pozik entzun genion alkateari Udal honetako ateak zabalik egongo direla sentsibilitate guztiendako. Guk gure aletxoa jarri nahi dugu antzuolarren bizitza hobetzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak