Herritarren eskaerei eta kexei erantzunez, Eztala futbol zelairako bidea eta zenbait baserrietako sarrerak konpondu berri dituzte Antzuolan. Gipuzkoako Diputazioak azaldu duenez, herritarren arazoei irtenbidea emateari lehentasuna eman nahi izan diote. Izan ere, autobideko lanak geldi daude proiektu berriaren obra hasi artean eta autobideko lanek zenbait baserritarako sarreretan kalte handiak eragin zitzuten.
Hala, Aristiberri, Bidaurre, Benitua, Zorroztarrieta eta Lekuberri baserrietako bideak konpondu dituzte. Baita Goizperrerako sarrera ere. Hirigintza teknikari Valen Moñuxek azaldu duenez, errepidea lehen zegoena baino hobeto utzi dute.
Kaltetuenen artean Eztala futbol zelairako bidea eta Lekuberri baserrirako bidea zeuden. Orain, ekainean bukatu berri dituzten lanekin hobekuntza espero baino hobea izan dela azaldu du Antzuolako Hirigintza teknikariak.
Lan hauek 150 mila euroko aurrekontua izan dute. Antzuola eta Bergara arteko autobiaren lanak abendu eta urtarrila bitartean hastea gura ditu Diputazioak. Hala, udararen bueltarako proiektua eginda egongo dela azaldu dute.