Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Beñardo Kortabarria: "Antzuolako Udalak jarraipen zuzena eta zehatza egingo die Deskargako lanei"

Txomin Madina Milikua 2015ko mai. 17a, 16:49

Antzuolako EH Bilduko hautagaiek eta herritar ugarik argazki erraldoia atera zuten atzo Zurrategi plazan eta koalizioaren alkategai Beñardo Kortabarriak hartu zuen hitza ekitaldian.

EH Bilduren inguruan esaten direnak gezurtatu gura izan zituen Kortabarriak bere hitzaldian zehar. Hala, adierazi zuen EH Bildukoak ez direla kudeatzaile txarrak, eta Gipuzkoaren, Debagoienaren eta Antzuolaren kasuak aipatu zituen: "Orain zortzi urte Udala zor batekin hartu ostean, harrezkero zorra gutxitu eginda, eta gauza mordoa egin dira". Dena den, gaineratu zuen langabeziarekin oso kezkatuta daudela, eta azaldu zuen eragile ezberdinekin elkarlanean, horri aurre egiteko egin ahal den guztia egingo dutela.

Deskargako lanak ere hartu zituen hizpide Kortabarriak. Adierazi zuen obren diseinua EAJk egin zuela, eta Bilduk obrak geratu zituela paperean jasotakoa exekutatzen hasi eta arazoak agertu zirenean. Diputatu nagusi izateko EAJren hautagai Markel Olanok astean Deskargako lanak amaitzeko konpromisoa hartu du, eta horri buruz ere egin zuen berba Kortabarriak: "Ze gutxiago? Diputazioan bera egon edo beste bat egon, Antzuolako Udalak lan horien jarraipen zuzena eta zehatza egingo du. Kontatuko dugu zer gertatzen den, eta zer ez. Eta kontatuko dugu nola ez den lur gehiago desagertuko".

Hondakinen bilketa sistemari dagokionez, adierazi zuen atez atekoarekin hondakinen kudeaketan prozesua zuzendu eta  hobeto tratatzeko beste urrats bat eman gura izan dutela, eta gezurtatu egin zuen garestiagoa denik: "Biltzea gehiago kostatzen da, baina ondo bereizi eta bilduz gero lortzen den etekinari esker, fakturan ez da igartzen". Inposatzaile izatearen salaketei ere erantzun zien alkategaiak: "EAJk galdetuko al du zerbait fracking-ari buruz? Edo AHTri buruz? Edo errauskailuari buruz?".

Kortabarriak gaineratu zuen herrian aurkezten diren beste bi zerrendatan ez bezala, EH Bildukoan denak Antzuolan jaiotakoak edo bertara bizitzera joandakoak direla.

"Herriarekin eta herriarentzat"

Talde argazkia atera aurretik, azken agintaldian Udalean egon diren Bilduko ordezkarik igo ziren agertokira, eta haiendako esker hitzak izan zituen alkategaiak. EH Bilduren balioak ere zerrendatu zituzten hautagaiek eta gaineratu zuten herriarekin eta herriarentzat lan egiteko borondatea dutela, parte-hartzea ahalbideratuz eta herrian bertan ere, erabakitzeko bideak jarriz.

  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak