Hasi dituzte Zupideko biribilguneko lanak

Maider Arregi 2015ko api. 30a, 09:33

25 urtean ez aurrera ez atzera ibili ostean, azkenean, Antzuolako Zupideko biribilgunea egiten hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia, asteon. Biribilguneak onurak ekarriko dizkiela herritarrei eta oso dela garrantzitsua Antzuolako herriarendako azaldu du Ima Beristain Antzuolako alkateak.

Hasierako proiektutik asko aldatu den arren, azkenik, Antzuolako Zupideko biribilgunea egiten hasi da Foru Aldundia. Antzuolako irteeran, Zumarraga-Urretxurako noranzkoan, eraikiko dute biribil berria. Ima Beristain alkatea pozik dago, "horrenbeste borrokatutako" lanak egitea lortu dira-eta azkenik legegintzaldia bukatu aurretik.

Biribil horren bitartez egingo dira mugimendu guztiak bai Antzuolako herrigunean sartzeko bai herrigunetik irteteko; hau da, Bergaratik nahiz Zumarragatik joanda, herrigunean sartzeko, eta Bergararuntz nahiz Urretxu-Zumarragaruntz abiatuta, herrigunetik irteteko.

Antzuolako irteeran egongo da biribilgunea (Urretxu-Zumarragako noranzkoan) eta aldaketa handi bat ekarriko dio herriko mugikortasunari, aukera emango baitu herriguneko mugikortasun guztia egokitzeko, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat. Gainera, aldaketa handia ekarriko die autobus publikoen mugimenduei, herritarren mesederako.

Aurrekontua 193.508 eurokoa da eta Otegi-Gaztañaga enpresa arduratuko da.Hamar asteko epea dute amaitzeko. Lanak oraingo errepidearen kanpoaldetik hasiko dira, zirkulazioari ez eragiteko. Ondoren, zirkulazioaren behin-behineko desbideratzeak egingo dira plataforma berritik biribilgunea osatu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak