Zabalik GI-632ko Urretxu-Antzuola zatia

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko mar. 25a, 17:50

Atzo, eguaztena, inauguratu zuten GI-632 errepideko Urretxu-Antzuola zatia. Modu horretara, ibilgailuak ez dira Deskarga gainetik pasa beharko, eta besteak beste, Debagoiena bailara, Goierri eta Urola eskualdeekin lotzeko balioko du zati berriak. 2,7 kilometroko bidea da eta tartean 700 metroko tunela dauka.

Beasain-Bergara arteko ardatza osatzeko urrats garrantzitsua eman dute Bidegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Izan ere, inauguratu dute GI-632 errepideko Urretxu-Antzuola zatia eta eguerdiko 15:30etarako finkatu dute irekiera ordua. Modu horretara, aurrerantzean ibilgailuak ez dira Deskarga gainetik pasa beharko. 

Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek inaugurazioan azpimarratu du obra aurreikusitako epean bukatu dutela eta ekonomikoki ere "txukun" amaitu dituztela kontuak. Aurrekontua %16ko desbiderazioarekin amaitu da; 42 milioi eurotan esleitu zuten obra zibila eta 50 milioitan amaituko da, eta instalazioak, aurreikusi bezala, bost milioi inguruan amaituko dira. 

Debagoiena, Goierri eta Urola eskualdearekin lotzeko balioko du zati berriak, baita Bizkaia eta Nafarroarekin loturak bermatzeko ere. Diputatu nagusi Martin Garitanok azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundia oso pozik dagoela emandako urratsarekin eta harro daudela errepidea bera egiteko moduaz ere.

Segurtasunean, azken teknologia

Zati berriak 2,7 kilometro ditu, eta, GI-632 sahiesbideko zati berri horrek Urretxu/Legazpiko lotura eta Antzuolako lotura erdiaren artean, 700 metroko tunel bat dauka. Segurtasun arloan puntako azken teknologia aplikatu da, gainera: argiterian, suteen aurkako babes sisteman eta larrialdietako seinaleztapenean. 

 Suhiltzaileen jarduera bizkor bat ziurtatzeko gainera, kontrolgunetik gidatutako girofaroak jarri dituzte. Ziurtasunerako instalazio horiek Bergarako kontrol zentroarekin komunikatzen dira, eta Bergaratik bertatik komunikatzen dira etenik gabe, AP-1eko eta GI-632ko Argisaio eta Deskarga tuneletako operazioak. 

Antzuola eta Bergara arteko zatia, bukatzeke

Orain, Beasain-Bergara arteko ardatza osatzeko, Antzuola eta Bergara arteko zatia egitea falta da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak