Eskolako aterpeko araudia aldatuko da herriko gazteen eskariari erantzuna emanez

Maider Arregi 2015ko mar. 25a, 11:33

Guztira hamabi eraikin publiko eta hamahiru aisialdi guneren gaineko hausnarketa egin du Antzuolako Udalak. Prozesu parte-hartzailea izan da. Herritarren eta herriko eragileen ekarpenak jaso ostean, astelehenean, martxoaren 23an, ekarpen guzti horien hausnarketa egin zuen Udalak, Torresoroan.

Iazko abenduan abiatu zuen Udalak eraikin publiko eta espazio libreen erabileraren gaineko prozesu parte-hartzailea. Helburua, antzuolarrekin eta herriko eragileekin batera, espazio horiei ahalik eta etekin hoberena ematea izan da.  Hain zuzen ere, zein iritzi duten eta zertan hobetuko luketen galdetu zitzaien iazko abenduan. Orain, ekarpenak jasota, Udalak, egindako hausnarketa jakinarazi die herritarrei.


Lehentasunak


2015ean egin daitezkeen hobekuntzen berri eman zitzaien herritarrei. Hala, lehentasuna izango dute udaletxeko sarrerako irisgarritasun lanek eta igogailua jartzeko lanak. Eskolako aterpearen arautegia ere aldatuko da. "Adin tartea zabalduko dugu gazte gehiagorengana iritsi dadin". Udalak, bereziki baloratu du gazteengana heldu izana parte-hartze prozesu honetan. Izan ere, ekarpen ugari egin dituzte eta kontuan hartuko dituztela jakinarazi dute. Orokorrean eraikin eta espazio publiko gehienek balorazio ona jaso dute.

Aipatu, Torresoroa aretoak eta Olaran etxeak dezenteko erabilera daukatela; baina herritarrek Olaranen hutsik dauden gelei ere erabilera eman gura diela. Rokodromoa egiteko proposamena egin dute hain justu herritarrek. "Rokodromoa jartzearen aukera aztertzen gabiltza. Toki egokia izan daiteke Olaraneko gela huts bat, baina aztertu behar dugu". Herri eskola ere txiki geratu da eta gela guztiak beteta daude; horri ere irtenbidea eman guran lanean dabil Udala; asmoa da 2016an aurrefabrikatutako gelak tokiz mugitzea eta handitzea.


Herritarren eskariz, liburutegiko ordutegia ere moldatuko da eta zabalik ordu gehiagotan izango da. Torresoroan, Wifi konexioa jartzea ere aztertzen dabiltza udaleko brigadako langileak.
Jolas guneei dagokienez, ez da gunerik estaliko. Pilotaleku txikian, aldiz, ping-pongeko jolas finkoan jarriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak