Domekan, goizeko 10:30ean, 260 lagun abiatuko dira Irimorantz korrika. Izan ere, iritsi da Antzuolako 8 miliak lasterketa, Debagoieneko mendi lasterketetan, egutegiko lehena. Antolatzaile lanetan dabilen Aritz Saidik azaldu du, gainera, dagoeneko gurean egonkortuta dagoen lasterketa dela, eta debagoiendar askok, urtea hasteaz batera ekiten diotela proba prestatzeari.
Lasterketaren arrakastaren beste erakusleetako bat da izen ematearekin gertatutakoa. Hamazazpi orduan bete zituzten aurreikusitako plaza guztiak. Ez dute preferentziazko traturik egin nahi izan, eta jende askori esan behar izan diote sentitzen dutela baina aurten leku barik geratu direla, nahiz eta korrikalari onak izan. Hori dela eta, ez dago faborito argirik.
Antzuolatik Irimora igoko dira korrikalariak, eta ia hamalau kilometroko ibilbidean 835 metroko desnibela izango dute. Ibilbidea urterokoa izango da, eta antolatzaileek ez dute elurrik espero tontorrean, baina aurtengoan lokatzak zailtasuna gehituko dio lasterketari. Horregatik, antolatzaileek jaitsieretan beldurrez ibiltzen direnei bastoiak eramateko gomendatu diete.