Herritarren iritziak batu ostean, oinezkoen plana ia definitua dauka Antzuolako Udalak. Hala, zirkulazioak izango dituen aldaketen artean, nagusienak dira Buztinzuriko bidea, eskola parean dagoena, eta pilotalekurako bidea itxi egingo dituztela ibilgailuendako.
Pilotaleku aurreko zati bat ere itxiko da. Baina, Olaranetik elizarako bideak bi noranzko izango ditu, eta eliza atzealdeko aparkalekua erabili ahalko da. Asteburuan elizara joan nahi duenak esaterako, hor aparkatu dezakete eta elizako atzeko sarreratik sartu. Izan ere, asteburuetan, zapatu eguerditik astelehen goizera, Kalebarrenetik gora ezingo dute ibilgailuek joan; ezta Lizarragatik etorri eta Mañarietatik Kalebarrengo zubira pasatu ere. Etxe Zuri parean dagoen irteeraren norabidea, Eguzki auzotik pasatzen dena, aldatu egingo da. Sartzeko soilik izango da. Izan ere, asteburutan Kalebarren osoa itxita egongo da.
Oinezkoen plana abian jartzean herriko plazan ezingo da aparkatu; zama lanetarako 30 minutu izango dira; Buztinzurin ere zamalanetarako gunea prestatuko dute piboteen bidez. Oraindik zehazteko dago ordea Ondarrera joateko zein aldaketa egingo den. Aukeren artean, Herriko Plazatik gora ezkerretara hartzea dago. Hau dena baina proba moduan. Aldaketak egiteko aukerak zabalik egongo dira behin martxan jarrita. Udalak, batzordetik pasa ostean martxan jarri gura du.