Osoko bilkurako aretoko mahaia bi udaletako ordezkariek partekatuta sinatu dute akordioa. Arño Gaztanbide, Aiherrako alkateak, senidetzeak geroa elkarrekin eraikitzeko balioko duela esan zuen. Bide beretik hitzegin zuen Inma Beristainek, Antzuolako alkateak, eta bide batez, aldamenean zuten Udalbiltzako ordezkariari, Mertxe Aizpuruari, horrelako senidetzeak bultzatzeko laguntza eskaini zion. Segidan Aiherrako Beltzuntze elkartekoei Antzuolako bandera oparitu die.
Aiherratik ekarritako gaztainondoa landatu dute gero Buztinzurin. Ondoren, gaztaina erreak dastatu dituzte herriko plazan.
Borobiltzeko, Gaubeila jaialdia
Orain 24 urte Aiherran sortu zuten jaialdia Antzuolara ekarriaz borobildu dituzte ospakizunak. Lepo betetako Torresoroan, Pantxo Hirigai eta Kike Amoarrizek umorea lagun, iparraldeko eta hegoaldekoen bizimoduak konparatu dituzte, jendea barrez lehertzen jarrita. Bertsolariek eta Niko Etxart musikariak ere ederto asetu dute publikoa.