Udal gimnasioko ikasturte berria nobedadeekin dator

Maider Arregi 2014ko ira. 4a, 09:44

Asteon zabaldu ditu Udal gimnasioak ateak. Ikasturte berria nobedadeekin dator gainera. Gazteendako zunba ikastaroa da berrikuntza horietako bat. "Orain arte ezin izan dugu gazteendako zunba saiorik eskaini. Aurten, ordea, posible da 10-15 urte bitarteko neska-mutikoendako saioak egitea", kontatu du Xabier Azkarate gimnasioko arduradunak. Arrakasta handia izaten ari den jarduera dela azpimarratu du. "Oso dibertigarria da eta kaloria asko erretzen dira. Musika arrakastatsua lagun, dantza egitean datza. Harrera bikaina izan du helduen artean".

Krisiari erantzuna emateko

Spinning Lowcoast zerbitzua eskura dute herritarrek. "Krisiari erantzuna emateko jarduera da. Jendeak zerbitzu merkeagoa nahi du". Izan ere, saio horiek, pantaila batean dagoen monitore birtual batek gidatzen ditu. "Monitoreak saioak aurrez grabatzen ditu eta gero pantailan botatzen ditugu proiektorearekin. Toki askotan ondo funtzionatu du eta proba egingo dugu".
Gimnasia abdominal hipopresiboak ere aldaketa du: "ordu beteko saiotik ordu erdira jaitsi ditugu saioak. Emaitza berdina dela ikusi dugu eta prezioa merkeagoa da".

Body tonua: emaitzarik onena

Body tonifikazio zerbitzua indartu gura izan dute Udal gimnasioan. Izan ere, lortzen diren emaitzak oso onak direla azaldu dute arduradunek. "Ariketa osatuena da body tonifikazioa. Gure filosofia osasuna da, horren bueltan lan egiten dugu eta emaitza onak lortzen direla body tonua eginez ikusi dugu", diote.
Bultzatzen dituzten ekintzak osasunera bideratuta daude. Horregatik, ikasturte honetan, osasunera bideratuta dagoen zerbitzu integrala jarri dute martxan. "Jendeari osasuntsu egotea gustatzen zaio eta hori kontuan hartuta, ikasturte honetarako osasuna ardatz daukan zerbitzu integrala jarri dugu abian".

'Ekintza Plus' zerbitzua

Gimnasioko edozein ekintza egiteko aukera dakar Ekintza Plus zerbitzuak. "Body tonoa, body balancea, spinninga, hipopresiboak, pilatesa, fitness gela… ekintza guzti guztiak egiteko aukera eta prezio oso onean". Azken ikerketek diote ariketa ezberdinak egitea onuragarria dela osasunerako. Hain zuzen ere, horrexegatik jarri dute eskaintza berezi hau. "Emaitzak igarri ahala, norberaren satisfazio-maila handituz doa. Gero eta ekintza gehiago egin, satisfazio-maila goraka doa gainera". Hala, abonatuek 18 euro hilean ordainduta zerbitzuaz gozatu dezakete. –Urteko abonua eginda, hilean 22 euro irteten zaie bazkideei–.

Bestalde, DKT txartela dutenek  abendura arte, doan erabili ahalko dute Antzuolako gimnasioko zerbitzua

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak