Analista taktiko lanak egingo ditu Andoni Azkargortak Eibar futbol taldean

Mirari Altube Arrese 2014ko eka. 27a, 15:00

Andoni Azkargorta (Antzuola, 1978) entrenatzaile antzuolarrak Eibarrerako bidea hartu du, eta Ipurua izango du lantoki aurrez aurre duen denboraldian. Izan ere, Gaizka Garitano entrenatzaileak osatu duen lantaldeko kidea da, eta analista taktiko lanak egingo ditu. Urtebeteko atsedenaldia hartzeko asmoa bertan behera utzi eta ilusio handiarekin hartu du Eibarrek egindako proposamena.

Andoni Azkargortak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Debagoieneko futbol taldeak; izan ere, Antzuola, Bergara eta Mondrako entrenatzailea izan da, eta azken urteak Aloña Mendin egin ditu. Denboraldi bukaeran, baina agur esan zien Aloñako kideei, urtebeteko atsedenaldia hartzeko asmoarekin. Asmoa bai, baina, horretan geratu da, asmoan. Eibar futbol elkartetik etorritako proposamenari ezin izan dio-eta ezetzik esan.

Proposamena ez da hutsetik sortu. Bai Eibar taldeko ordezkariek, baita Gaizka Garitano entrenatzaileak ere aurretik ezagutzen zutelako antzuolarra eta haren lan egiteko era.

Orain arte zelaian egon da Azkargorta, hemendik aurrera, ostera, harmailetatik jarraituko ditu partiduak. Izan ere, analista taktiko lanak egingo ditu: "Talde aurkariak ikusi eta horien azterketa egin, aste horretan bertan aurkariaren ahalik eta informazio gehien izan dezan Gaizka Garitanok eskura. Eta gure taldeak jokatutako partiduen analisiak ere egingo ditut, gero Gaizkarekin eta gainerako teknikoekin komentatzeko, gure akatsak zuzentzeko eta ondo egindakoak jakin".

Partidu batzuk bertatik bertara ikusiko ditu eta bidaiatzea tokatuko zaio, baina baliabide egokiak dituzte Eibarren eta bideo bidez ere aztertuko ditu aurkariak. Horrez gain Eibarri berari ere egingo dio jarraipena. Hala, izandako akatsen eta ondo egindakoen gaineko txostena egingo du entrenatzailearendako.

Lehen Mailari eusteko lana

Lehen Mailan jokatzea, baina, ur handitan sartzea da, aurkari benetan gogorrak izango dituelako aurrez aurre zelaian. Ez ote da itoko ur horietan bigarren mailatik igo berri den taldea? Zera dio: "Eibarrek beti erakutsi du lanerako gaitasuna. Beste talde batzuekin alderatuta aurrekontu txikiagoa izango du, baina lana ondo egiten bada… Zailtasunak izango dira bidean eta urtea luzea da, baina maila mantentzeko taldea eta lana seguru egongo direla".

Eta gogor  lanean jardungo duten kideen artean izango da Azkargorta bera, Eibarri Lehen Mailan eusteko behar duen guztia emateko gertu, eta Ipuruan elkartuko diren zaleen berotasunarekin bat eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak