Bilkurari hasiera eman zioten Bilduko eta EAJko ordezkariek, baina hasiera-hasieran sortu zen eztabaida. Aurrekontuak onartzeko deituta zegoen ez ohiko osoko bilkuran EAJkoek euren argudioak eman nahi izan zituzten baina Inma beristain alkateak esan zien udalbatzarrak erabakiak hartzeko direla eta batzordeak direla argudioak egiteko toki egokiak. Hori horrela, EAJko bi zinegotziek aretoa utzi zuten.
Hauxe azaldu zuen Maria Eugenia Arrizabalaga Antzuolako EAJko bozeramaileak: "Nik Antzuolan zinegotzi izan aurretik beste 16 urte egin ditut beste udaletxe batean eta sekula ez zait burutik pasa ere egin urteko erabakirik garrantzitsuena izaten den aurrekontuen inguruko eztabaida ekidin nahi izatea eta ez ematea hitza oposizioko taldeei edozein dela ere beraien iritzia".
Inma Beristain Antzuolako alkateak, bestalde, hauxe azaldu zuen: "Oposizioak beti erabiltzen du udalbatzarra iskanbila sortzeko, nere ikuspuntutik, beti bihurtzen du eztabaida gune bat. Orduan gauzak eztabaidatzeko batzordeak dira eta udalbatzarra da puntuak onartu edo atzera botatzeko".
Esan moduan, EAJko bi zinegotziek aretoa utzi zuten. Une horretan Bilduko ordezkariek euren artean hitz egin eta Inma Beristain alkatea udaletxe azpian gelditu ziren EAJkoengana joan zen bilkuren aretora itzul zitezen eskatzeko. Hau adierazi zuen alkateak: "Nire harridura etorri da mahaitik jaiki eta alde egin dutenean. Orduan beste aukera bat eman diot berari oraindik hemen zeudenez esan diot jarri gaitezen mahaian, landu egingo ditugu eta hurrengo egun baterako lagako dugu onartzea. Ezetz esan digute".
EAJko bozeramaile Eugenia Arrizabalagak begirune gutxiko jarrera moduan definitu zuen gertatutakoa eta argudioak emateko eskubidea ukatu zitzaiela salatu zuen: "Berez, ez dakite gure bozkaren zentzua ere zein izango den. Edozein izanda ere denok daukagu eskubidea gure argudioak eta azalpenak emateko eta eskubide hori ukatzea iruditzen zait begirune gutxieneko bat ez edukitzea gainontzeekiko".
Gertatutakoak gertatuta, Bilduko ordezkariek erabaki zuten ez ohiko osoko bilkura bertan behera uztea eta datorren asterako beste bilkura bat deitzea. Izan ere, alkateak adierazi zuen EAJkoek ere herritarren zati bat ordezkatzen dutela eta guztiak egon beharreko udalbatzarra dela aurrekontuena.