Arte eta kultura adierazpen askotarikoen sortzaileekin solasaldiak. Elkarrizketa edo solasaldi formula erabilita: bi kulturgile, aurrez aurre, kulturaz berriketan, modu librean.
Bi musikariren arteko elkarrizketa lasaia izan dute Jabier Muguruzak eta Maite Larburuk Kulturrizketak saioan. Euskal Herriko esperientziez gain, atzerrian jarduteko aukerei buruz hitz egin dute. Eta horri lotuta, euskarak nola eragiten duen azaldu dute, beraien esperientzian oinarrituta.
Aspaldiko lagunak dira Mikel Urdangarin eta Imanol Ubeda, beraiek diotenez izango dira hogei bat urte elkar ezagutzen dutela. Bien ibilbideak nahiko parean hasi ziren eta ordutik hainbatetan egin dute topo. Azken 20 urteetako ibilbidea errepasatzeaz gain, etorkizuna nola ikusten duten ere elkarbanatu dute Kulturrizketak saioko platoan.
Uda gau bateko ametsa klasikoan egin zuten lana elkarrekin lehenengo aldiz Miren Gaztañagak eta Aitziber Garmendiak. Hala ere, elkarrizketa hasieran azaldu dutenez, aurretik ezagutzen zuten elkar; toki berezi batean egin zuten topo lehenekoz, Lermako autobus geltokian. Eta horrela, barre artean ekin diote solasaldiari bi aktoreek Kulturrizketak saioko platoan.
Xabier Amuriza bertsolaria eta idazlea da, besteak beste; Kike Amonarriz, aldiz, soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea; eta biak euskal sortzaileak dira. Goiena telebistak Kulturrizketak saioko platoan elkartu ditu; euskarari buruz luze hitz egin dute saioan, baina baita bertsolaritza edota literaturari buruz ere.
Amancay Gaztañaga eta Zuriñe Hidalgo musikariek beraien esperientziak partekatu eta alderatu dituzte Kulturrizketak saioko platoan. Hidalgo Hesian taldeko abeslaria izateaz gain, irakaslea eta telebista-aurkezlea ere bada. Gaztañaga Grises taldeko abeslaria da eta sormenaren hamaika ertzetan mugitzen da.
Kulturrizketak saioan egon dira lehenengo aldiz aurrez aurre Bilbao eta Andueza. Idazle nola bilakatu ziren azaldu diote elkarri; eta arlo horretan izandako bizipenak eta gorabeherak partekatu dituzte.
Azkenaldian askoren ahotan egon dira Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga aktoreak Handia dela eta. Handia filmaren "mitoaz" hitz egin dute Kulturrizketak saioko platoan, baina baita aktore lanetan izan dituzten bizipen ezberdinez ere.
Euskara izan dute berbagai Goiena telebistako Kulturrizketak saioan parte hartu duten kulturgile askok. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, euskara oinarritzat izan dituzten solasaldiak batu dira erreportaje berezi batean. Zer suposatzen du euskarak kulturgile hauen bizitzan?
Gaur Goiena telebistan euskararekin lotutako programazio berezia egongo da.
Goenkale telesail ezagunean egin zuten elkarrekin lan Olatz Beobidek eta Itziar Ituñok. Ordutik ibilbide luzea egin dute biek, bai pantaila handian zein txikian eta baita antzerkigintzan ere. Eta oraingo honetan, Kulturrizketak saioko platoan elkartu dira euren bizipenen pasarte batzuen kontakizuna egiteko.
Aspalditik ezagutzen dute elkar Kirmen Uribek eta Rafa Ruedak. Elkarrekin proiektu asko gauzatu izan dituzte; horien artean, Mikel Urdangarinekin eta Bingen Mendizabalekin egin zituzten Zaharregia txikiegia agian... eta Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizunak.
Musika eta dantza hizpide, duela hamazazpi urtetatik elkar ezagutzen duten bi lagun hauen arteko elkarrizketan. Bata musikaria, eta bestea koreografo eta dantzaria, baina biek hasi zuten beraien jarduna urte berean, 1997an, duela hogei urte. Garai hura da, hain zuzen ere, solasaldiari hasiera emateko aukeratutako gaia.
Kultur kazetariak al dira Iñigo Astiz eta Arantxa Iturbe? Hori da bi sortzaile hauen arteko elkarrizketaren abiapuntua. Euskal medioez eta kulturaz, prentsa idatzia eta irratia, prentsaurrekoak, eta beste hainbat gaiez jardun dute Kulturrizketak saioko platoan.
Zallan (Bizkaia) Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren final laurdena jokatu zen urriaren 7an. Oso saio bizkaitarra izan zen, bai lekuagatik eta bai bertsolariengatik. Bertan parte hartu ostean, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita bertsolariak Kulturrizketak saioko platoan egon dira.
Denboraldi berriko lehen Kulturrizketak elkarrizketa saioan Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak kontu kontari.