Oñatiko EH Bilduren Mahai Politikoak Iñigo Ruiz Barron hautatu du alkategai izateko

Josu Bilbao Atxutegi

Iñigo Ruiz Barron.

Gaur eman du erabakiaren berri EH Bilduk Eltzian egin duen batzarrean. Iñigo Ruiz Barron Oñatiko Udal Gobernuko kide da duela 4 urtetik; Hirigintza batzordeburu da eta Pertsonak, Zerbitzuak, Landa Garapena eta Sozioekonomia batzordeetan ere ari da lanean.

Oñatiko EH Bilduko Mahai Politikoak Iñigo Ruiz Barron proposatu du alkategai izateko, gaur Eltzian egin duen batzarrean. Barron Arkitekturan lizentziatua da, eta ULMA taldean eman ditu azken bederatzi urteak proiektu kudeatzaile lanetan.

EH Bilduren Mahai Politikoak azaldu du bere profila dela "gaur-gaurkoz Oñatik, eta, oro har, gizarteak dituen erronkei erantzuteko egokiena datozen urteetako erronkei erantzuteko beharrezkotzat jotzen diren prestakuntza, esperientzia eta udal kudeaketaren ezagutza kontuan hartuta. Ez dugu proposamen egokiagorik ikusten, beti ere, beste hautagaitza batzuk aurkezteko eskubidea eta prozesuaren irekitasuna errespetatuz”.

“Eskualdeko diagnostikoa eta etxebizitza plana garatzen lagundu du, baita Oñati gune tentsionatu izendatzeko prozedurak abiarazteko ekintza plan propioa gauzatzen ere. Ekarpen esanguratsua egin du etxebizitzaren alorrean; bide bat zabaltzen lagundu du”, gaineratu du Oñatiko EH Bilduren Mahai Politikoak.

Kudeaketaren garrantzia Udal-kudeaketan duen esperientzian ere jarri du mira Mahai Politikoak. “Orain arteko esperientziak ikuspegi zabalagoa izaten lagundu dio, eta administrazioaren egitura, prozedurak eta eskumenak ezagutzea lagungarri izango zaio lehen egunetik herritarren beharrei, herritar zein eragileekin elkarlanean erantzuteko eta udal-politikak modu eraginkorrean garatzeko; baita Oñatiko eguneroko jardunari eta epe luzeko helburuei erantzuteko ere”, azaldu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak