"Ondo" bukatu dira jaiak, "jendeak ekitaldietan oso ondo erantzunda"

Oihana Elorza Gorostiza

Herri Egunean kiroldegiko kantxa berdean egindako herri bazkaria.

Zapatu gauean bakarrik egin zuen euria, eta eguraldi onarekin gozatu dituzte herritarrek jaiak; kaleak bete dituzte. Herri Eguneko postuen leku aldaketak ez dira oztopo izan.

Askotariko mozorroak jantzita, kuadrillan, musikarekin eta umorez bukatu dira, beste behin, herriko jai nagusiak, Errosarixo Bixamona Egunarekin. Zapatuko Herri Egunean ere beteta izan ziren kaleak, eta Puro Relajo eta ABBA taldearen tributuaren kontzertuek, pilotako finalek eta bertsoek ere erakarri zuten jendea. "Ondo bukatu dira jaiak, bai. Jendeak oso ondo erantzun du aurtengo ekitaldietan. Pozik gaude", adierazi du Kultura batzordeburuak, Iñaki Olalde Altzelaik, balorazioa eskatuta. Udaltzaingoan galdetuta ere, berdina izan da erantzuna: "Lehen txapan bezala, oraingo honetan ere dena primeran joan da, arazo barik; ez da inolako arazorik erregistratu ez Udaltzaingoan ezta Ertzaintzan ere". Jaiak posible egin dituztenak eskertu gura izan ditu Olaldek: "Zoriondu herritarrak, udal langileak, Kultura teknikariarengandik hasita, eta kalean lanean ikusten ditugunak ere bai: brigadako langileak, kale garbitzaileak eta udaltzainak".

Salmenta onak

Nekazarien Elkartea ere pozik dago Herri Eguneko azokak izan zuen erantzunarekin –Landetakoa izan da gazta irabazlea–. Baita talogileak ere: goizean goizetik egin zen ilara luzea taloa jateko. "Gero eta goizago etortzen dira taloa jatera. Aurten, 220 kilo arto-irin, 90 kilo hirugihar eta 1.550 txorizo ekarri ditugu. Arto-irin ia dena erabili zen eta hirugiharra amaitu egin zen. Baina 25 urte hauetan ez dira bi berdinak izan; hurrengoan txorizoa izango da salduena, akaso", dio Jose M. Zugastik.

Unibertsitateko obrengatik, parrokia atzean eta gazteleku aurrean jarri zituzten janari postuak, eta konforme daude saltzaileak emaitzarekin. Artisauentzat ere parrokiako klaustroa ez zen hain leku aldrebesa izan: "Pasilloak zabalagoak dira, jendea lasaiago ibili da, eta jende asko ibili da. Bero egin du, baina beste klaustroa baino epelagoa da eta aterpean dago. Bestalde, zarata gutxiago izan dugu han, bezeroekin hitz egiteko hobeto". Hain zuzen ere, salmentak onak izan direla gaineratu dute.

Gertaera ilun bakarra izan da zapatu gauean txosnak itxi egin behar izan zituztela, eraso batengatik. Batzordeak datozen asteetan emango du azalpena, "sakonagoa eta osatuagoa". Bestalde, patata-tortilla txapelketan 23 taldek hartu zuten parte, eta Dibertsioetan, hamalauk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak