03:30 aldera, Ertzaintzak dei bat jaso zuen, Lizaur kalean buruan zauri bat zuen pertsona bat zegoela ohartaraziz. Eraso bat jasan zuen. Ertzainak eta anbulantzia bat bertaratu ziren, eta zauria zuen pertsona lekuan bertan artatu zuten. Ez zuten ospitalera eraman.
Txosnaguneko gertaerak
Era berean, 03:00 aldera, txosnak itxi egin zituzten, beste eraso batengatik. Oñatiko Txosna Batzordeak gauean komunikatu bat zabaldu zuen sare sozialetan "hainbat azalpen emateko beharra" sentituta.
Argitu nahi izan zuten ez zela eraso matxistarik gertatu: "Erasoen kontrako kuña entzun bazen ere, hau momentuko akats baten ondorioz izan zen eta ez eraso matxista bati erantzun gisa". Baina gaineratu dute, txosnagunean izandako gertaerak "eraso bezala" ulertzen dituztela: "Izan ere, txosna batzordean harturiko erabakien gainetik pasatzea eta hauei jaramonik egin gabe jardutea onartezina da guretzat. Hori izan zen, besteak beste, txosna itxi izanaren arrazoietako bat".
Txosnak "espazio politiko anitzak eta parte-hartzaileak" direla gehitu dute eta "erabakiak asanblada bidez" hartzen direla: "Asanblada irekiak dira eta guztiek dute bertan parte hartzeko aukera. Asanblada hauek dira gure erabakitzeko espazio nagusia eta bertan jaiei forma eman, eztabaidatu, protokoloa landu eta abar luze bat egiten dugu". "Bestelako jai eredu bat bultzatzeko lanean" dihardutela ere badiote: "Bertan hartutako erabakiak horretara bideratuta daude, ez inoren kontra zuzenean jotzera, ezta ere, gutxi batzuek nahi duten festa soil bat antolatzera". Horregatik, ez dutela onartuko egindako lan hori guztia "mespretxatzea eta gutxiestea", gaineratu dute.
Era berean, eskerrak eman gura izan dizkiete laguntzen, txandak egiten eta ekintzak antolatzen ibili diren guztiei.
Datozen asteetan, jaiak amaitutakoan, azalpen "sakonago eta osatuagoa" zabalduko dute adierazi dute.