Sanmigelei erreleboa hartuko diete Errosarixo jaiek

Oihana Elorza Gorostiza

Dantza bertikala eguazten iluntzean parrokiako hormaren kontra.

Datorren eguraldiari begira, Errosarixo jaiak "sanmigelak bezain ondo" pasatzea opa die udalak herritarrei; dena dago prest horrela izan dadin.

Txantxikuaren jaitsiera hasi baino minutu batzuk lehenago egin zuen euria traba izan zen txarangarentzat, eta ezin izan zuen ibilbide osoa egin, nahiz eta gero txosnagunea ederki girotu zuen. Sanmigeletako azken ekintza hasi aurretik ere euria hasi zuen; sokamuturraren zati bat euripean egin zen eta dantza bertikalaren argiztapena ezin izan zen gura moduan muntatu. Hori alde batera utzita, baina, sanmigelak ondo joan dira. "Haurrendako eta gaztetxoendako antolatutako Holli festako parte-hartzea xumea izan da; agian, oporraldia hartu dutelako adin tarte horretako familiek. Baina ibili da jendea, Latzenen kontzertutik hasita", dio Iñaki Olaldek, Kultura batzordeburuak.

Etxezarreta eta Basaguren

Bi orduko kontzertu indartsua eman zuen Oñatiko taldeak, eta, tamainagatik Foruen plaza betetzea erraza ez bada ere, lortu zuten Aitor Uriartek, Joxe Azpitartek, Gorka Lazkanok eta Yerko Ortizek. Aurreko egunetan nabaria zen herrikoak irrikan zeudela eurak zuzenean entzuteko eta ikusteko, baina Oñatiko taldeak kanpoko herritar asko ere erakarri zituen. Gau hartan, Oñatin ziren, esaterako, Jon Basaguren –Izaki Gardenak eta Pasadena– eta Iñigo Etxezarreta –En Tol Sarmiento– musikari gasteiztarrak ere. Txosnagunean herritarrak ibili dira DJ lanetan musika jartzen bai Latzenen kontzertu ostean, joan den zapatuan, baita nagusien danborradaren ostean ere, San Migel bezperan, eta sekulako giroa sortu zuten egun bietan. Jende askok hartu du parte, bestalde, bola-joko herrikoian –94 parte-hartzaile– eta berakatz-zopa lehiaketan –hamalau bikote–. "Berakatz-zopa lehiaketa indartzen ari da. Aurten bikote gehiagok hartu dute parte, eta, batez ere, gazteak ari dira animatzen. Euren artean lehia sanoa ari dela sortzen esango nuke; ona da hori. Bikote gehiago animatuz gero, epaimahaikideen lana berrantolatu beharko da", azaldu du Olaldek.

Jaietan jendea gustura ibili dela gaineratu du Kultura batzordeburuak. Baita berri negatiborik ez dela egon eta jaien bigarren zatian ere horrela izatea gurako luketela. Udaltzaingoak ere baieztatu du ez dela inongo arazorik izan, "ez salaketarik ezta ezer aipagarririk ere". 

Parrokiako klaustroan

Bihar, egubakoitza, musika bandak egingo duen Klasikoen gaua kontzertuarekin –19:30ean, plazan– hasiko dira Errosarixo jaiak, eta, eguraldi iragarpenari begira, "sanmigelak bezain ondo" pasatzea gura du Olaldek. Zapatua –Herri Eguna– eta astelehena –Errosarixo Bixamona– kalean ibiltzeko egunak izaten dira Oñatin, eta aurten ere osagai guztiak daude prest hori horrela izan dadin. Nekazarien Elkarteak antolatuta, ganadu erakusketa eta gazta lehiaketa egingo dira, eguerdira bitartean, ohiko tokian. Unibertsitatearen fatxadaren zaharberritzeko obren ondorioz, barazkien, fruten eta beste jakien erakusketa eta salmenta gazteleku ondoan, Bujeroan eta parrokia atzealdean egongo dira. Unibertsitateko klaustroa ere ezin da erabili oraindik, eta artisauek parrokiako klaustroan erakutsi eta salduko dituzte euren produktuak; aurten, gainera, herriko artisauak bakarrik egongo dira azokan. Taloak, berriz, ezker abertzaleak kudeatuko duen tabernan egingo dituzte, ohiko tokian, eta Gipuzkoatik eta Arabatik etorritako 28 sagardotegik sagardoa eskainiko dute plazan, beste behin. Kiroldegiko herri bazkariak, bestalde, ia 700 lagun batuko ditu eguerdian, eta beste hainbatek gaztetxeko Zuk ekarri, zuk jan bazkarira joateko plana egingo dute.

Astelehenean jantziko dituzten mozorroak prest izateko lanetan ere ari dira herritarrak azken aste hauetan; mozorroak, eta kuadrilla batek baino gehiagok, baita karrozak ere. Bestetik, aurten ere egongo da paella-jana txosnagunean, eta, arratsaldetik aurrera, hain estimu handia duen Dibertsioak izeneko emanaldia. 17:00etan hasita, herritarrez osatutako hainbat talde igoko dira hango oholtzara musika talde ezagunen bertsioak jotzera, hala nola Platero y Tu, Biznaga, Green Day, MCD, Nakar, Ze Esatek eta Roten XIII taldeenak.

Errespetuz eta arduraz

Hainbat auzotako jaietan egin duten moduan, herriko jai nagusietan eraso sexisten arretarako telefonoa aktibatu dute aurten ere; baita aurrez aurreko informazio puntua jarri ere – Zazpidetan egongo da zapatuan–. Jaietan gerta daitezkeen erasoen aurrean zalantzak argitu, laguntza eskaini, egoeraren bat salatu edo gorabeheren gaineko erregistroa egiteko telefono zenbakia hauxe da: 688 60 20 89; deituta edo Whatsappez idatzita egin daiteke. Dagoeneko aktibatuta dago eta erabilgarri egon- go da 6ra arte. Ospatu, errespetatu, ardura hartu da eraso sexisten arretarako zerbitzuaren bueltan berritu den kartelean ikusten den lema. Sare sozialen bidez ere zabaldu du kartela Udalak, eta bertan dakar laguntzeko aktibo egongo den telefono zenbakia.

Bestalde, Herri Egunean martxan egongo da herribusa; Arantzazurako zerbitzua beteko du. Astelehenean ez da egongo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak