Txantxikuak eta danbor hotsek emango diete hasiera ofiziala herriko jai nagusiei

Oihana Elorza Gorostiza

Txantxikua parrokiako kanpandorretik behera.

Astelehen iluntzean jaitsiko da txantxikua parrokiako kanpandorretik txosnagunera, eta nagusien danborradak hartuko ditu kaleak gauean. Jaiak ondo pasatzeko opa die alkateak herritarrei, jaietan "errespetuz, arduraz eta ekintzetan parte hartuz" ibiltzeko eskatuz.

Etxez etxe banatu duten egitarauak dakar aurtengo San Migel eta Errosarixo jaietarako antolatu dituztenak noiz, ze ordutan eta non diren. Jaiak noiz hasten diren, baina, jakinekoa izaten da: irailaren 28an, txantxikuaren jaitsierarekin, 20:00etan; gauean, nagusien danborrada izango da. Eta heldu da San Migel bezperako eguna.

Kintoak, hiru taldetan

Gaur, astelehena, beraz, jaitsiko da txantxikua parrokiako kanpandorretik txosnagunera, jaien hasiera ofiziala iragartzeko, eta txarangak girotuko ditu inguruak segidan. 22:30an, Eltziatik abiatuko da nagusien danborrada. Herriko kaleak zeharkatuko ditu eta gauerdian plazan bukatuko da. Aurten ere ohiko konpainiak izango ditu danborrada horrek: baserritarrak, txalekodunak, kantinerak, sukaldariak, barrilariak eta danborrariak. Haiez gain, desfilatuko dute elkarte gastronomikoetako banderak eramango dituztenak, musika bandako kideak eta kintoak. Aurten 128 gaztetxo aterako dira –otsailean santa eskean aterako direnak–, hiru taldetan banatuta.

Danbor- eta barril-jotzaileek eta kantinerek, berriz, armarri berriak eramango dituzte euren kapeletan eta txalekoetan. Herriko armarri zaharraren txapak kendu eta armarri berriarenak –2023an berritu zuen armarria Udalak– jarri dituzte aurten.

Hamalau bikote zopa egiten

Danborradaren ostean, luzatu egiten da gaua Oñatin, eta goiztiarrendako ekintzekin hasiko da aurten ere San Migel Eguna; umeendako puzgarriekin, hain zuzen. Musika bandak kontzertua emango du egun horretan, 13:00etan, plazan, kaleetan zehar kalejira egin ondoren. San Migel Bixamona Eguna, berriz, berakatz-zopa lehiaketaren eta sokamuturraren eguna izaten da; hamalau bikotek eman dute izena aurtengo lehiaketan parte hartzeko. 

Jaiak errespetuz ospatzeko eskaera

Bestalde, joan den eguenean egindako iraileko osoko bilkuran, jaiak ondo pasatzeko desioa luzatu zien alkateak, udalbatzaren izenean, "errespetuz, arduraz eta ekintzetan parte hartuz" eskatuz. Horrekin batera, eskerrak eman zizkien jai egitarauko ekintzak prestatzen eta gauzatzen lagundu duten udal langileei eta gainerako eragile eta herritarrei.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak