Oñatiko armarri berriak jarri dizkiete danborradetako danbor eta barril joleei zein kantinerei; zaharraren tokian berria jarri dute. Umeen danborradan, dagoeneko, txapelean armarri berria zutela desfilatu zuten kantinerek, eta berdin egingo dute hilaren 28ko nagusien danborradan danbor eta barril joleek eta kantinerek –txalekoan eramango dituzte horiek–.

Atzeko kalen dagoen Chloeren Orratza dendako Maria Del Carmen Castro ibili da kapeletatik eta txapeletatik zaharrak kendu eta berriak jartzeko lanetan; 120 aldatu egin ditu guztira: "Kapeletan, barruan duen forrua edo tela askatu dut lehenengo, armarri zaharra kendu, berria jarri eta txapa barrutik ondo lotu ostean josi egin dut tela berriz. Kantineren txapeletan, berriz, barruan beste tela bat jarri dut, txapela gogortzeko eta forma hartzeko, pisuarekin, bestela, desitxuratu egiten zen txapelaren forma eta. Pazientzia handiko lana izan da, baina ohituta nago, eskulanak horixe eskatzen dute".
Armarri berria duten txapak jartzeaz gain, kaperak orraztu, pintatu eta txukundu ere egin dituela dio: "Barrualdea ere asko izorratzen da izerdiarekin, erabiliaz. Kanpoko aldean ere eskuila pasatu dut guztietan eta batzuei soka ere aldatu diet. Txukun behar dute egon".

