Urtetik urtera arrakasta izaten jarraitzen duen txapelketa jokatuko da irailaren 27an, domeka, 15:30ean hasita, San Martingo zuhaiztian: herriko bola-joko txapelketa. Oso txapelketa herrikoia izan da historikoki, eta San Martinen zein Txopekuan egin izan diren txapelketetara "jendetza" joan izan dela dio Jose Antonio Azpiazu historialariak. Izan ere, gaur egun sanmigeletako txapelketa San Martinen jokatzen bada ere, herriko auzo askotan jokatu dute bolatan urteetan zehar. "Edozein lautadatan moldatu daiteke bolatokirako lur aproposa. Frontoia eraikitzea garestia zen orduko hartan, baina herri guztiek zeukaten beren frontoia. Bolatokia sortzea, berriz, oso merkea zen, eta edozein auzok egin zezakeen berea. Esaten denez, XX. mendean Oñatiko lau auzotan zeukaten bolatokia: Murgian, Olabarrietan, Araotzen eta Zubillagan. Gainera, auzo malkartsuetan ere moldatzen ziren bolatokiak egiteko; adibidez, Aurrekomendin", dio Azpiazuk. Jokoaren jatorria zehazki ezagutzen ez bada ere, historialariak dio artxiboko paper zaharrek adierazten dutela XVI. mendean jokatzen zela: "1517an borroka bat sortu zen bola-jokalarien artean; gainera, isunak jarri zizkietela dio dokumentuak".
Enkantea eta txapelketa nagusia
Garai baten jendarteratu zen jokoak izan du urtetik urterako jarraipena. Jaietako egitarauan guztiz egonkortuta dagoen ekintza da gaur egun, eta, txapelketa antolatzeaz arduratzen den Kurtzebaltz elkarteko kide Mikel Biainek dioenez, "normalean oñatiarrez osatutako txapelketa izaten bada ere, azkenengo urteetan indarra hartu du eta bailarako jokalariren batek edo bestek hartu du parte". Txapelketa "80 eta 100 parte hartzaileren bueltan" ibiltzen dela dio Biainek, eta bi modalitatetan jokatzen dela azaldu du: "Lehenengo, enkanteko jokoa jokatzen da. Orduan, jendeak denbora du ikusteko jokalari bakoitza zer moduzkoa den, eta horren araberako eskaintzak egiten ditu: botaldi onak egiten dituztenengatik gehiago eskainiko dute botaldi txarrak egiten dituztenengatik baino. Txapelketako momentu bereizgarrienetakoa izateaz gain, politena ere bada, nire ustez. Enkante jokoa jokatu eta gero, txapelketa nagusia jokatzen da parte hartzaile guztien artean".
Kurtzebaltz antolatzaile
Bi urtean behin aldatzen dute Kurtzebaltz elkarteko zuzendaritza, eta bertako kideek izaten dute ohiturarekin jarraitzeko ardura: "Azkenean, herriko elkarte gastronomikoek era badute kultur ekintzak antolatzeko ardura. Hori dela eta, Kurtzebaltzen egitekoa da herriko bola-txapelketa antolatzea. Urte askoan etenik izan ez duen txapelketa bat da, eta horrela jarraitzea da helburua".