Sagardoa probatzeko eta edateko aukera egongo da, beste urte batez, Herri Egunean. Hala, dagoeneko 38. aldiz egingo dute sagardo dastatzea. Gipuzkoako 27 sagardotegik eta Arabako batek –Aramaioko Iturrieta– eramango dute sagardoa herriko plazara urriaren 3an.
40 laguneko taldea
Oñatiko sagardozaleen taldearen ekimenez egingo da aurtengo sagardo-dastatzea ere. 40 bat laguneko taldea da eta Herri Eguneko hitzordua antolatzeaz arduratzen dira. "Geu egoten gara sagardo-etxeekin, eta Oñatira etortzera gonbidatzen ditugu. Herri Eguna heltzen denean, udal langileek muntatzen dute oinarrizko azpiegitura, plazan, eta hantxe egiten diegu harrera sagardogileei euren kamioiekin eta furgonetekin etortzen direnean; 08:00etarako plazan izaten gara gu. Sasoi honetan lana izaten dute eurek sagarrak batzen edo denboraldi berria prestatzen, eta jende faltan egonez gero sagardoa zerbitzatzen ere laguntzen diegu, eta jasotzen ondoren", azaldu du sagardogileen taldeko kide Rufino Aiastuik.
Urriko lehen zapatuan Oñatira ekartzen dituzte sagardo-etxeak, baina eurekin duten harremana urtean zehar ere islatzen da, irteera bat edo beste egiten dute-eta Oñatitik sagardotegietara.
Batzuk, hasieratik
Joan den urtean beste sagardotegik ekarriko dute aurten sagardoa; 28k guztira. Horietako gutxi batzuk, gainera, hasieratik etortzen dira Oñatira; Donostiako Barkaiztegi, esaterako. "Erlazio handia dugu sagardotegi horrekin. Urte guztietan etorri da Oñatira eta gu ere behin baino gehiagotan joan gara hara. Oñatira, gainera, dolarea ere ekartzen dute. Eurei esker, zuzenean ikusi ahal izaten da, plazan, sagarrarekin muztioa nola egiten den; eta muztioa bera ere dastatu ahal izaten da, sagardoa bakarrik ez", dio Aiastuik.
Euskal Herriko jai edo plaza askotan egoten da sagardoa edateko, baina Oñatiko dastatzea sagardogileek egutegian ondo markatuta izaten dutela gaineratu du Aiastuik: "Jende asko egoten da eta jendea jator portatzen dela diote, oso giro ona egoten dela. Geuk ere prestatzen diegu gosaria Pago Uson. Saiatzen gara haiek ere eraso egon daitezen hona etortzen direnean. Aurten ere horrela egingo dugu taldekook". Aurtengo sagardo-dastatzea 12:00etan hasiko dela jasotzen du jaietako egitarauak. Ordurako, sagardo-etxe bakoitzak prest izango du bere postua sagardoa eskaintzeko. Gainera edalontziak ere herritarrek eskuratzeko moduan egongo dira; edalontzi bakarrarekin, ekarritako sagardo guztia bukatu arte edan ahal izango dute herritarrek.
Elkarteak, zabalik
Plaza sagardo dastatzerako prestatzen ibiliko diren bitartean, herriko Musika Eskolako eta Lizargarateko pandero eta trikiti-joleen taldeko kideak eta Tolosako gaiteroak kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan zehar. Oñatiko Aita Madina Txistulari Taldeak goiz-eresia egingo du horien aurretik, goizeko bederatzietan. Ordurako, herriko elkarte gastronomikoak zabalik egongo dira, edozein herritarri salda eta txorizoa eskaintzeko.

Herriko elkarteen ateak zabalik egongo dira goizean, salda eta txorizoa hartzeko
Nekazarien Elkartean ere horretan egongo dira zuzendaritzako kide eta boluntario batzuk, salda eta txorizoa eskaintzen, eta unibertsitate aurrean egingo diren ganadu erakusketak eta gazta lehiaketa prestatzen beste batzuk. Boluntarioekin batera, 30 bat laguneko taldea ibiliko da Herri Eguneko zereginetan.
Berritasun batzuk badaude
06:00etan elkarteetan batuko dira bertan azken hilabeteetan Herri Eguneko goiza antolatzen ibili diren eta egunean ere ibiliko diren Nekazarien Elkarteko bazkideak; goizak ohiko itxura izango duela aurreratu du bertako Onintza Olabarriak, baina berritasunak egongo direla ere iragarri du. "Aurten ere etorriko da ardien ile-moztailea, eta baita astoei azazkalak mozten diena ere. Hala, Mikel Velasco arrasatearrak erakustaldia egingo du, ardiei ilea nola mozten zaien erakusteko. Berritasun nagusia, baina, artzain txakurren erakusketa egongo dela da. Txakur bakoitzak txarteltxo bat izango du ondoan bere ezaugarriak jasotzen dituena".
Herriko produktuak
Betiko moduan, unibertsitatearen aurreko berdegunean egongo dira ikusgai Herri Egunean parte hartzeko kalera eramango dituzten animaliak. Kamionetan eramango dituzte, goizean goiz, eta hantxe egongo dira 14:00ak arte. Behiak, behorrak eta zaldiak, astoak, oiloak, ardiak eta ahariak egongo dira, besteak beste, ikusteko moduan.
Herriko abeltzainen, nekazarien eta gazta ekoizleen produktuak egongo dira goizeko azokan
Azokan ikusgai zein lehiaketan parte hartzen egongo diren abelburu eta produktu guztiak herrikoak direla da Oñatiko Herri Egunaren ezaugarririk funtsezkoena. Horrek esan gura du ikusiko diren abelburu guztiak herriko abeltzainek hazitakoak direla, barazkiak eta frutak bertako nekazariek ereindakoak, landatutakoak eta zaindutakoak direla eta lehiaketan parte hartuko duten gaztak ere oñatiarrek ekoiztutakoak izango direla. Interes handia pizten du urteko Herri Eguneko gazta lehiaketak. Aurten ere, unibertsitate ondoko oholtza gainean egingo da, eta hainbat lagun egongo dira aurkeztuko dituzten gaztak probatu eta epaitzeko. Nekazariek Elkarteko kideek gaztak 10:00ak aurretik aurkezteko dei egin diete lehiaketan parte hartzeko asmoa duten gaztagileei.
Musika ere bai
Goizeko ohiko beste elementuen artean, taloak ere egongo dira. Ohiko tokian egongo da taberna, ezker abertzaleak kudeatuta aurten, eta bertan zerbitzatuko dituzte, tragoarekin batera. Kiroldegiko herri bazkariaren eta gaztetxeko Zuk ekarri, zuk jan bazkariaren aurretik bukatuko da plazako sagardo-dastatzea. Arratsaldean, herri kirolak egingo dituzte gaztetxoek, plazan, eta, horien ostean, profesionalen erakustaldia ikusteko aukera egongo da, plazan bertan.
Bestalde, Herri Egunean ere ez da musikarik faltako. Hala, Herrixa Dantzan erakustaldia izango da, 18:00etan, Atzeko kalean. Elektrotxaranga ibiliko da kaleetan eta erromeria eta rock doinuak ere egongo dira gauean. Herri Eguneko beste ezaugarrietako bat izaten da Esnalen salbea entzuten dela iluntzean San Migel parrokian esaten duten mezan, eta aurtengo egitarauan ere badator parrokiako koruak eta Oñati abesbatzak kantatuko dutela.