Berakatz-zopa lehiaketa egingo da aurten ere San Migel jaietan. Irailaren 30ean izango da, plazan, eta izena emateko epea zabalik dago dagoeneko.
Parte hartzen duen bikote bakoitzari 20 euroko txartela emango diote osagaiak erosteko. Udalak jarriko ditu lan-mahaiak, plazan, eta parte hartzaileen esku utziko du sua eta ontziteria eramatea. Lehiakideek 13:00etarako prestatu beharko dute berakatz-zopa; sei pertsonendako kantitatea egin beharko dute. Epaimahaia prestaketa-lanak ikustera pasatuko da eta denak probatu ondoren emango du jakitera bikote irabazlearen izena. Bi sari banatuko dira: 200 euro irabazleentzat eta 100 euro bigarren sailkatzen direnentzat. Parte hartzen duten guztien artean, berriz, herriko jatetxe batean bi pertsonentzako afaria zozkatuko dute.
22a azken eguna izena emateko
Gehienez hamabost bikotek parte hartu ahal izango dute lehiaketan; plazak mugatuak dira. Lehentasuna oñatiarrei edo Oñatin erroldatutakoei emango zaie, baina dauden plazak baino jende gehiagok izena emango balu, zozketa egingo da. Izena aurretik eman behar da kultura etxean bertara joanda, telefonoz – 943 78 03 53– edo mailez –abikuna@onati.eus–.