Txosnaguneko, Foruen plazako eta Atzeko kaleko oholtzek erakarriko dituzte zuzeneko musika gosez egongo diren oñatiarrak sanmigeletan. Datorren zapatuan hasi eta urriaren 5era arte, ia egunero egongo da zer ikusi eta entzun. Gainera, emanaldi ibiltariek ere ez dute hutsik egingo, Oñatiko Bandaren, Muxitxa txarangaren zein Burrunba elektrotxarangaren eskutik.
IRAILAK 26
LATZEN

Jaiak ezin dira modu hobean hasi. Itzulera iragarri zutenetik egon dira oñatiarrak zain, eta, azkenean, iritsi da eguna. Heavy-metal eta thrash esentziari eutsita, Denboraren orbainak diskoko kantuak eta iraganeko ereserkiak taularatuko dituzte.
Zapatuko festa plazatik txosnetara lekualdatuko da segidan, DJ Herrikoien eta DJ Bezoren erritmora.
PLAZA / 23:00
IRAILAK 28
ODIK

Pop, elektronika eta dance estiloak uztartzen ditu Oier Markotegi Zubillagak, euskara musikaren korronte freskoetan murgilarazita eta zuzenekoak show bihurtzeko lizentzia guztiak hartuta.
TXOSNAGUNEA / 20:15
JOSELU ANAYAK

Folk-rock eta erromeria kutsuko talde nekaezinak adin guztietako publikoa erakarriko du berriro ere, Marina eta halako kantu ezagunekin.
PLAZA / 20:15
IRAILAK 29
JULEN ALONSO & OINKARI

Julen Alonso trikitilari eta konpositoreak eta Villabonako Oinkari Dantza Taldeak Haria ikuskizuna aurkeztu dute berriki; samurtasuna eta indarra bikain konbinatzen dute. San Migel Egunaren hondarrean artista horiek izango dira protagonistak, eta baita ostean etorriko diren Valecea piroteknia musikatuko kideak ere.
PLAZA / 20:15
IRAILAK 30
ACORDES NAVARROS

Bereziki adinekoek eskertzen duten jota taldea, sanmigeletan etortzeari gustua hartu diona. San Migel Bixamon Egunean, 11:00etan, San Martin egoitzan izango dira, eta, ondoren, jendaurrean.
LAZARRAGA LORATEGIA / 13:00
URRIAK 2
KILIMAK

Runba estiloa ardatz, jai giroko abesti dantzagarriak, biziak eta aldarrikatzaileak kantatuko dituzte hernaniarrek. Ekintzaz betetako asteburua abiatzeko plan ezin hobea.
ATZEKO KALEA / 21:00
AIMARZ

Pop garaikidea eta hiri-musika jorratzen dituen sortzaile nabarmenetako bat bihurtu da Aimar Zuriarrain Asurmendi. Kantu propioak eta beste euskal talde batzuen bertsio oso propioak sortzeagatik egin da ezagun.
TXOSNAGUNEA / 22:00
URRIAK 3
OSTARTE ERROMERIA
Eguneko azken eguzki izpiek euskal abesti ezagunen doinuak ekarriko dituzte, Tolosaldeko haize-ufadarekin.
PLAZA / 20:00
INGUMA

Zuzeneko sutsuak egitea da oñatiarren berezitasuna; are gehiago, oi! eta punk-rock gosez joango diren lagun eta herrikideen aurrean. Borborka jarriko dute oholtza.
TXOSNAGUNEA / 22:00
STREETWISE

Antzeko moldeetan arituko dira iruindarrak, Datorrena azken diskoko kantuetan erakusten duten moduan.
TXOSNAGUNEA / 22:00
AHANTZI ERROMEIXIA

Tolosatik datorren beste talde bat; fandangoak, arin-arinak, pop eta rock abestiak zein rantxerak gustuko dituztenentzako aukera paregabea.
TXOSNAGUNEA / 22:00
URRIAK 4
ABBA TRIBUTUA

Queen-i erreleboa hartuta, aurtengo tributu-taldeak banda eurovisiboenari egingo dio keinu. Suediako taldearen abesti onenak, jantziak eta eszenaratzea batzen dituen ikuskizun berezia.
PLAZA / 22:00
URRIAK 5
DIBERTSIOAK

Herriko musikarien urteroko hitzordua, hango eta hemengo talde ezagunen abestiak plazaratzeko.
TXOSNAGUNEA / 18:00
PURO RELAJO

Sanmigelei mexikar doinuekin esango diete agur, eta ez edonola. Musikari nafarrak espezialistak dira publikoarekin konektatzen. Pena guztiak uxatzen lagunduko diete festazaleei.
PLAZA / 20:00