Zapatu honetan izango da lehenengo hitzordua, 18:00etan hasita, Zubikoan, eta, gainera, oñatiar kutsua izango du jaialdiak. Izan ere, Emakume Master Cup-eko Udako Torneoko finalaurrekoak jokatuko dituzte Madalen Etxegaraik eta Uxue Osesek. Etxegaraik, Arrate Bergara bergararra bikotekide duela, Arrizabalaga eta Zabala izango ditu aurrean; Osesek, berriz, Ibarrolarekin osatuko du bikotea eta Zabaletaren eta Erasunen kontra jokatuko du partida. Eliteko emakumezko pilotarien partiden aurretik, gainera, promes mailan beste oñatiar batek jokatuko du: Itsasne Lizarralde txantxikuarrak, Intza Arrutirekin batera, Itxaso Iparragirreren eta Izar Etxezarretaren aurka jokatuko du.
Hala ere, emakumezkoen eliteko partidak ez dira pilotari lotutako bakarrak izango; izan ere, irailaren 26an, zapatua, Herriko Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira plazako frontoian, eta urriaren 4an, domeka, 43. San Migel txapelketako finalak jokatuko dira –gazteenak eta nagusienak–, Zubikoako frontoian.