Egitarauarekin jarraituz, haurrak eta gaztetxoak protagonista izango dira zapatuan. Atsolorrak hasiko du eguna, eta irailetik irailera bitartean jaiotako haurrei ongietorria egingo diete udaletxeko batzar areto nagusian. "Aurten 70 bat haur inguru jaio diren jakinarazpena jaso dugu, eta horiek guztiak gonbidatuta daude ekitaldian parte hartzeko", adierazi du Olaldek.
Ondoren, erraldoien ikuskizuna egingo dute herriko kaleetan. Oñatiko konpartsa, Konpartsa Txikia, Sebastian erraldoia, Atzeko kaleko konpartsa, Pasaiako erraldoi eta buruhandien konpartsa, Aretxabaletako konpartsa eta Zorotxo konpartsa izango dira parte hartzaileak, eta, Oñatz Dantza Taldeak girotuta, ikuskizuna egingo dute herriko kaleetan.