Oñatiko jaietan gehien nabarmentzen den jaiguneetako bat da Irunberri plazan jartzen duten txosnagunea. Urtero, hainbat oñatiar igarotzen dira bertatik, Txosna Batzordeko kideek antolatzen duten egitarauaz gozatzeko asmoz, eta aurtengo jaiak ez dira salbuespena izango.
Txosna Batzorde indarberritua
Maiatzean alarma guztiak piztu ziren, Txosna Batzordeak, sare sozialen bidez, herritarrak bertara hurbildu ezean jaiak kolokan izango zirela iragarri zuen eta. "Deialdia, bereziki, egin genuen bilerak prestatzeko Txosna Batzordean aurrez ibiliak ginen kideak elkartu ginenean oso jende gutxi agertu zelako; osotara, bost-sei pertsona agertu ginen. Gainera, lehen bilera egin genuenean jende gutxiago agertu zen. Jende kopuru horrekin txosnak aurrera eramatea ezinezkoa izango zela ondorioztatu genuen, eta herrira abisua zabaltzeko beharra ikusi genuen", azaldu du Txosna Batzordeko kide Markel Bellidok.
Egoeraz jakitun, gazteek ez zuten hutsik egin, eta, gerora, hainbat pertsona batu ziren batzordera: "Orokorrean, jendeak oso ondo erantzun du. Poliki-poliki hainbat pertsona joan dira batzordera batzen, eta jaiak aurrera eramatea lortu dugu". Batzordekide gazteen agerpenak jaietara indarberrituta heltzea ekarri du: "Txosna Batzordea indarberrituta dago, edo, akaso, gazteberrituta dagoela esan daiteke, hainbat gazte batu dira eta". Indar berri horien erakusgarri batzordeak logo berria estreinatzea izan daiteke.
Egitaraua, ohiko moldeetan
Hilabeteak eman dituzte lanean batzordekideek, eta, Bellidok azaldu duenez, antolaketa aldetik ez da aparteko aldaketarik izan: "Batzordekide berriak eduki arren, antolaketa aldetik ohi bezala funtzionatu dugu. Asteroko maiztasunarekin joan gara elkartzen guztia prestatzeko".
Batzordeak egindako lan guztiak egitarau oparoa antolatzera eraman ditu. Ohiko moldeak errespetatu dituztela azaldu du Bellidok, eta tradizio bilakatu diren ekintza gehienek jarraipena izango dutela nabarmendu: "Egitarau oparoa dakargu aurten ere. Ekintzetako asko ohiko bidetik etorriko dira; bereziki, Herri Egunean eta Errosarixo Bixamonean antolatzen direnak. Herriko taldeen Dibertsioak kontzertuak, Herri Eguneko erromeria, bazkariak... ekintza horiek ez dute hutsik egingo".
Hala ere, bada egitarautik kanpo gelditu den ekintza bat; izan ere, aurten ez da Auzolinpiadarik izango. "Auzolinpiadek lan handia dute atzetik. Azken urteetan auzo batzordeekin batera antolatu izan dira, eta aurten ikusi dugu ez ginela antolatzera heltzen. Normala da, urtez urte lan kopuru hori eskatzen duen ekintza bat aurrera eramatea nekeza delako". Horrek ez du esan nahi ekintza betirako galdu denik: "Etorkizunean berriro egin daitekeen zerbait da; alegia, standby egoeran dago".
Unibertsitateko lanak
Berritze lanetan dagoen Sancti Spiritus Unibertsitatearen ondoan dago txosnagunea. Hala ere, ustez, lan horiek ez dute eraginik izango txosnetan: "Udalak esan digunez, ordurako, lanak unibertsitatearen beste aldean egiten ibiliko dira. Kamioiak sartu eta txosnaguneak normaltasunez funtzionatzeko pasabidea utziko da. Guk dakigula, lanek ez dute txosnen funtzionamendua baldintzatuko".