Dantza egiteaz gain, dantzak ikusteko aukera egongo da Oñatiko jaietan

Gontzal Belategi Zubia

Harrobi Dantza Bertikala taldeko bi kide, emanaldi batean. (Argazkia: Harrobi)

Oinkari eta Harrobi dantza taldeek ikuskizun bana izango dute jaietan. Irailaren 29an izango da Oinkarirena, 20:15ean, plazan. Harrobiren ikuskizuna berriz hurrengo egunean, hilak 30, izango da, 20:15ean, Txaketua pareko parrokiako horman.

Jaiak dantza egiteko aitzakia polita izan ohi dira herritarrentzat. Musika ikuskizunak baliaturik, bat baino gehiago dira gorputza askatu eta dantzan jartzen direnak. Hala ere, dantza egiteaz gain, dantza ikuskizunez gozatzeko ere aukera paregabea izaten da herriko jaietan, eta Oñatin ere hala izango da.

Musika eta dantza uztartuta

San Migel Egunez, hilak 29, helduko da lehen dantza ikuskizuna, Oinkari taldearen eskutik. Harian izeneko emanaldia 20:15ean izango da, herriko plazan. Oinkariko kide eta emanaldiaren arduradun Amaia Aizpuruak azaldu duenez, Julen Alonso musikariarekin batera sortutako emanaldia da, eta dantzak musikarekin uztartzen ditu: "Harian Julen Alonsoren eta Oinkariren artean sortutako ikuskizun bat da. Musika emanaldi bat da, non hainbat kantutan dantzak protagonismoa hartzen duen; musikaren eta dantzaren arteko uztartze bat".

Sentimenduen arteko bidaia bat proposatzen du Oinkarik emanaldian, eta tradizioa eta modernitatea batzea dute helburu: "Oinkarin beti esan izan dugu tradizioa mantentzen dugula, betiere, gaur egungo gizartearen aldaketekin uztartuta. Beraz, tradizioaren eta modernitatearen arteko nahasketa da".

Airean egindako dantzaldia

Hurrengo egunean, hilak 30, helduko da bigarren dantza ikuskizuna, 20:15ean, Harrobi Dantza Bertikala taldearen eskutik. Txaketua pareko parrokiako horman izango da emanaldia; izan ere, Harrobik, lurrean beharrean, hormetan egiten du dantza. Taldeko zuzendari eta dantzari Janire Etxabek azaldu duenez, ikuskizuna site-specific izango da; hau da, Oñatirako propio sortutako lan bat: "Ikuskizuna pareta horretara moldatuta dago. Guk hiru ikuskizun ditugu, itxiak direnak, nolabait esatearren. Normalean, lau dantzari izaten gara emanaldi horietan, baina, kasu honetan, bi dantzari joango gara, espazioak dituen zabalera eta baldintzengatik".

Ikuskizunak musika eta argiztapen berezi baten laguntza ere izango du: "Kasu honetan, aldez aurretik grabatutako Oreka Tx taldearen musika erabiliko dugu dantza egiteko. Argiztapena ere egongo da, erabiltzen dugun paretara moldatuta. Funtsezkoa da elementu guztiak ondo uztartzea. Lanaz ondo gozatzeko, elementu guztiek bat egin behar dute".

Bestelako dantzaldiak

Emanaldi horiez gain, bestelako dantzaldiak ere izango dira jaietan. Irailaren 20an, 54. Haurren Eguna ospatuko dute, eta dantzari gazteen dantzak izango dira nagusi. Bestalde, Herri Egunean, urriak 3, Herrixa Dantzan erakustaldia egingo du Aiko taldeak, 18:00etan, Atzeko kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak