Jaiak behar moduan ospatu daitezen, ezinbesteko lana egiten du Oñatiko Udaleko brigadak. Askotan, gainera, herritarrek ikusten ez duten lana izaten da, itzalean geratzen dena. Hamar lankidek osatzen dute lantaldea eta jaietan etengabe aritzen dira, Udaleko Kultura Sailarekin eta Udaltzaingoarekin elkarlanean, koordinatuta. "Intentsitate handikoak izaten dira guretzat jaiak. Geratu barik aritzen gara, eta, urtero ekintza asko berak izan arren, beti egon ohi dira berrikuntzak; horiek guztiak planifikatzen ere lan handia izaten dugu", dio Andoni Beristainek, Oñatiko Udaleko Brigada eta Herri Lanen arduradunak.
Brigadaren zeregina, Beristainen esanetan, Udaleko askotariko sailei laguntza ematea da, nagusiki Kultura eta Gazteria sailei, muntaian zein desmuntatzean, eta baita in situ ere. "Askotariko lanak egiten ditugu: agertokien muntaia egin; Herri Egunerako ganaduarendako itxitura guztiak jarri; herri bazkarirako muntaia egin, umeendako jolastokirako itxiturak jarri; txosnaguneko argindar eta ur-sareak jarri, txosnaguneko bi bazkarietarako materialak garraiatu, eta abar".
Lanik gogorrena zein den galdetuta, Herri Eguneko muntaia guztiak egitea dela erantzun du, baita sokamuturreko muntaiak egitea ere. Zailena, aldiz, zera da: "Azken orduan euria egiten badu, eguraldia erdipurdi badago eta B planik ez badugu, denbora tarte laburrean lan asko egin behar izaten dugu; hori nabarmenduko nuke".
Lan zailak eta gogorrak badauden arren, "urte asko" daramatzate horretan, eta ohitu dira jaiak horrela bizi izatera. "Gu lanean egon arren, herritarrak jaiez gozatzen ikusten ditugu eta horrek poztasuna ematen digu. Hau da, ez da gauza bera eguneroko beste edozein lan egitea edo jaietan lan egitea".
Tarte bat jaiez gozatzeko
Gainera, beti ateratzen dute tartetxoren bat jaiez gozatzeko. "Ez dugu egun guztietan lan egiten; atseden ere hartu behar izaten dugu. Hala, egutegi batzuk egiten ditugu, jakiteko langile bakoitzaren ardurak zeintzuk diren, eta egun solte batzuk izan ohi ditugu libre".
Muntaketa lanekin, aurreko astetik
Jaiak ofizialki irailaren 28an hasiko badira ere, aurreko astean hasi zituzten muntaketa lanak: "Martitzen goizean hasi ginen plazako agertokia muntatzen, Haurren Egunerako eta Haurren Danborradarako guztia prest izateko. Aste honetan, Artzain Txakur Txapelketarako prestaketa lanak ere egingo ditugu eta 28an, egunez normal lan egin ostean, gauean jaietako lanekin hasiko gara".
Azken lanak, berriz, Errosarixo Bixamona pasa eta hiruzpalau egunera egiten dituzte. "Azken eguneko sokamuturraren ostean, guztia jaso behar izaten dugu. Gero, bizpahiru egun behar izaten ditugu jaietan erabilitako material guztiak jasotzeko".
Apiril bukaeratik, jai giroan
Iraila bereziki gogorra ote den galdetuta, zera dio: "Oñati jai giroan bizi den herria da, eta apiril bukaeran Olabarrietako jaiekin hasten gara, Errosarixo jaiak pasa arte. Egia da jaietako auzoetan brigadako lantalde erdia aritzen dela, eta jai nagusietan, guztia; baina ez da hainbesterako. Gogorrena da jaietan familiarekin gura beste egoteko aukerarik ez izatea".