Domekan ospatuko dute Haurren Eguna, eta Oñatz Dantza Taldearen eskutik musika eta dantza protagonista izango dira goizetik arratsaldera herriko kaleetan. Aurten guztira hamaika dantza talde izango dira Haurren Egunean, eta, 300 dantzari oñatiarrez gain, Portugaletetik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik, Antzuolatik, Gernikatik, Hendaiatik, Lizarratik eta Zarauztik etorritako 250 bat haur dantzari izango dira ekitaldian.
Egunari dagokionez, ohiko ekintzak egingo dituztela adierazi du Haurren Eguneko antolakuntzako kide Julen Agirrek, baina zapatu gauean dantza taldearen iruditegian "aldaketa bat" egingo dutela aurreratu du: "Oraingoz, ezin da ezer argitu, baina zapatu gauean gure sare sozialen bitartez partekatuko dugun mezu baten bitartez emango dugu horren berri, eta egunean bertan ere presentzia izango du Herriko Plazan".
Hona hemen egitaraua:
- 09:00 Goizeresia Aita Madina txistulari taldeak alaituta.
- 10:15 Dantza taldeei harrera Otadui Zuhaiztian.
- 10:45 Hamaiketakoa pilotalekuan.
- 11:45 Alkate txikiaren ondo-etorria eta agurra.
- 12:00 Dantzan kalez kale.
- 13:30 Dantzarien banaketa.
- 17:00 Etxaluzetik plazara kalejira.
- 17:15 Alardea, plazan.
- 18:30 Erraldoi eta buruhandiak.