Dagoeneko argitaratu dituzte lehiaketaren oinarriak. Edonork har dezake parte, inolako mugarik gabe, baina parte-hartzaile bakoitzak artelan bakarra aurkeztu ahal izango du. Gaia, teknika eta neurriak libreak izango dira, eta lana udalerriko edozein lekutan egin ahal izango da. Pinturen oinarria edozein materialetakoa izan daiteke, baina derrigorrezkoa izango da euskarri gogorrean aurkeztea. Euskarriak lehiaketa egunean zigilatuko dira, kultur etxean, 09:00etatik 11:00etara; aurrez prestatuta eraman daitezke, baina ez da onartuko inolako marrazki, zirriborro edo marra aztarnarik edukitzea.
Margolanak egun bereko 13:00etatik 14:00etara aurkeztu beharko dira, kultur etxean bertan. Adituek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu lanik onenak. Egunean bertan, 14:30ean, emango dira aditzera epaimahairen erabakia eta saritutakoen izenak. Jarraian, sari-banaketa egingo dute. Epaimahaiaren erabakiak aldaezinak izango dira. Aurkeztutako margolanekin erakusketa antolatuko dute kultur etxean, urriak 1etik urriaren 10era –urriaren 3tik 5era arte, itxita egongo da–, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:00etatik 13:00etara. Erakusketa amaitu ondoren lanak itzuliko dituzte: urriaren 31 aurretik, kultur etxean, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara.
Helduentzako eta gazteentzako sariak
Saritutako margolanak, lehenengo eta bigarren sariak, Oñatiko Udalaren eta OMTren esku geldituko dira. Lehenengo saria 800 eurokoa izango da, bigarrena 500 eurokoa eta hirugarrena 400 eurokoa. Gainera, hiru saritu horien artean ez dagoen lehenengo oñatiarrak 300 euroko saria irabaziko du.
Horrez gain, 16 urtetik beherako partaideen artean hiru sari gehiago emango dituzte: lehenengoa, 100 euro eta saria; bigarrena, 60 euro eta saria; eta hirugarrena, 30 euro eta saria.
Hala ere, aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez badute, ez da saririk emango.