Oñatiko Udala herriko artisauen azoka egiteko erabilgarri egon daitezkeen espazioak aztertzen ari da. Espazio egokirik aurkituz gero, herriko artisauentzako deialdi mugatua egingo da, erabilgarri dagoen eremura egokituta. Horixe izango da Herri Eguneko artisauen azokak izango duen aldaketa.
Oñatiko Kultura Sailak jakinarazi du aurten ez dela Artisauen Azokarako ohiko deialdi irekirik egingo. Erabaki hori Oñatiko Unibertsitate inguruan egiten ari diren obren ondorioz hartu du Udalak: "izan ere, azoka egin ohi den eremua itxita dago, eta, ondorioz, ezin da aurreko urteetan bezala antolatu". Hala, azoka egiteko espazio berriak ari da aztertzen Udala eta bilatuz gero herriko artisauek izango dute tokia euren produktuak erakusteko eta saltzeko. Erabaki honek eragozpenak sortu ditzakeela ulertuta, Udalak eskerrak eman gura die "urtez urte azokan parte hartu duten artisau guztiei".