Herri Eguneko taloen taberna kudeatzeko deialdia zabalik dago

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 27a

Taloen taberna, Herri Egunean.

Urriaren 3an ospatuko da aurtengo Herri Eguna, eta egun horretan Oñati Institutuaren aurrean jarri ohi den taloen taberna kudeatzeko deialdia ireki du Udalak.

Aurreko urteetan moduan, taberna horren kudeaketa hartzen duen taldearen ardurakoa izango da zerbitzuaren hornidura eta ustiaketa osoa, eta lortutako irabaziak taldearentzat izango dira. Uztailaren 30a aurretik egin behar dira eskaerak, udal erregistroz edo kultura etxera joanda.

Hori, baina, ez da herriko jai nagusiei begira zabalik dagoen deialdi bakarra. Hain zuzen ere, Herri Egunean bertan janari postuak jarri gura dituztenek ere orain dute izena emateko sasoia: irailaren 11ra bitartean egin behar dute, udal webgunean edo Herritarren Arreta Zerbitzuan. Interesa duenaren datu pertsonalak ez ezik, zenbat metroko postua izango den zehaztu beharko da eskaeran. Postu kopuruaren arabera zozketa egingo da.

Nekazarien Elkartea, bestalde, ari da urteroko erakusketa eta lehiaketa antolatzen.

Artisau azokaren ohiko deialdirik ez

Artisau azokari dagokionez, Oñatiko Kultura Sailak  jakinarazi nahi du aurten ez dela ohiko deialdi irekirik egingo. Erabaki hori Oñatiko Unibertsitate inguruan egiten ari diren obren ondorio da. Izan ere, azoka egin ohi den eremua itxita dago, eta, ondorioz, ezin da aurreko urteetan bezala antolatu.

Hala ere, Oñatiko Udala herriko artisauen azoka egiteko erabilgarri egon daitezkeen espazioak aztertzen ari da. Espazio egokirik aurkituz gero, herriko artisauentzako deialdi mugatua egingo da, erabilgarri dagoen eremura egokituta. "Sortu daitezkeen eragozpenak sentitzen ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu urtez urte azokan parte hartu duten artisau guztiei", adierazi dute Kultura Sailetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak